Txistularien Kontzertu Nagusiak Isidro Ansorena omenduko du

48. Txistularien Kontzertu Nagusia bihar helduko da hirira Aste Nagusiari hasiera emateko. Bihar, hilak 9, egingo dute Plaza Berrian, 20:30ean. Aitor Arozena Muxika txistulari oiartzuarra izango da zuzendaria.
Isidro Ansorena Elizegiren heriotzaren 50. urteurrenean, konpositorea omenduko dute, bere talentuak gaur egungo txistularitza eraldatu zuelako. Kontzertuan, esaterako, Nere herriko jaiak, Birigarroa, Mai tere edota Prantxiska Martina piezak joko dituzte.
Halaber, 50 urte betetzen dituen Billabonako Oinkari Dantza Taldeak parte hartuko du, baita Tolosako Udal Txistulari Bandak ere. Azken horiek Santos Intxausti eta Leandro Zabala musikarien obrak joko dituzte.
Emanaldian ahotsak ere garrantzia izango du, horregatik, Oihana Iguaran bertsolaria eta Lide Hernando abeslaria egongo dira bertan. Amaitzeko, 2024ko Manuel Lekuona saria jaso zuen Juan Mari Beltran Argiñenaren laukotea ere oholtzan izango da hainbat doinu eskaintzeko.
Emanaldia Euskal Herriko Txistulari Elkarteak, Donostia Festakek eta Donostiako Udalaren Txistulari Taldeak antolatu dute.