«Gure helburua herritar guztiek jateko aukera izatea da»
Aurten, Gipuzkoako Elikagaien Bankuak Amara Berri Auzo Elkartearekin batera 'Artilleroa' abestuko du.

Herritar Merezimenduari domina eta Kanoikadan parte hartzea. Urte polita izaten ari da, ezta?
Oso polita, bai. Dominarekin hasi ginen, eta orain Kanoikadan parte hartuko dugu. Denetatik egin dugu aurten.
Aitortza horrek zer ekarpen egin dizue?
Guk besteentzat egiten dugu lan, horregatik, oso garrantzitsua da besteek guk zer jarduera aurrera eramaten dugun jakitea. Baina gu betiko lanean ibiltzen gara, normalean.
Alderik nabaritu al duzue? Boluntario gehiago, ezagutza handitzea…
Ez. Orokorrean betiko boluntarioak daude. Elikagaiak 18.000 pertsonentzat, gutxi gorabehera, jasotzen ditugu. Egia da, azkeneko urteotan, agian, tamaina igo dela, baina orokorrean berdin mantendu gara.
Zer jarduera egiten dituzue urtean zehar?
Guk normalean bi bilketa nagusi egiten ditugu eta horiekin urtean zehar nahiko ondo konpontzen gara. Urtean zehar, beste hainbat produktu jasotzen ditugu eta horiekin ere banaketa egiten dugu. Eskaera oso handia ez bada, ondo konpontzen gara gure helburua lortzeko, hau da, behar duten herritarrei janaria eramateko.
Zer parte hartze izango duzue Aste Nagusian?
Aste Nagusian artilleroa abestuko dugu, soilik. Dantzan eta abesten egongo gara bertan.
Zuk nola bizi izaten duzu Aste Nagusia?
Ni oraintxe bertan kanpoan nago, baina datorren astean jaietarako bueltan izango naiz. Bueltatxo bat eman, goizean hondartzara eta gaualdean suak pozik ikusten ditut.
Antolatzen dituzten jarduera guztiak ditut gustuko, baina erraldoiak eta bazkariak gustuko ditut bereziki.
Aurtengoa berezia izango da zuretzat…
Ni donostiarra naiz, horregatik, artilleroan parte hartzeko poza dut. Segurarki, eguraldi ona egiten baldin badu, jendea pozik ibiliko da. Baina nik Aste Nagusi arrunta izango dut bestela.