Barre artean heldu dira igande gauera Lastan

Donostiako Piratek zerbait ondo badakite alaitasuna eta umore ona zabaltzea da. Orokorretik zehatzera, atzo iluntzean KalepOza kofradiak antolatutako bakarrizketa saioak aldarte horretatik barreak sortzeko zeregina eman zien sei umoregileri: Aiora Enpartza, Imanol Petrirena, Iker Iribarren, Erik Urbieta, Maialen Sorzabalbere eta Mikel Irazusta. Jende dezente bertaratu zen beren bakarrizketetako ateraldiak entzutera eta eskatutakoa bete zutela esan daiteke. Eta bide beretik jarraitzeko, playback lehiaketa egin zuten segidan. Hor ere ez ziren gutxi izan entzundako algarak.







