Sorleku parkea auzotarrek eta eragileek erabakitako "tokian eta moduan" gauza dadin jarraipena egingo du EH Bilduk
Parte hartze prozesua burutu zenetik zortzi urte igaro direnean, udal gobernuak parkearen exekuzio proiektua onartu du.

Urte askotako atzerapenen ondoren, bizilagunek, hainbat elkartek eta ikastetxek —hala nola Zurriola Ikastolak eta Zuhaizti Eskolak— egindako presioari esker, Intxaurrondoko Sorleku parkearen exekuzio-proiektua onartu du gaur udal gobernuak. Jarduketak 756.172,15 euroko aurrekontua eta bost hilabeteko exekuzio epea izango ditu. Udal Gobernuak luzamendurik gabe onartu beharko ditu lehiaketa eta obraren ondorengo esleipena arautuko duten baldintza-agiriak, proiektua izateari utzi eta errealitate bihur dadin.
Erabaki horren aurrean, EH Bilduk ohar bat helarazi die komunikabideei. “Kezkaz” ikusi dute proiektuari emandako tratua, “etengabeko atzerapenek eta udal gobernuaren lehentasun faltak markatuta”. Ondorioz, gaur hartutako erabakia “urrats garrantzitsua” bada ere, “beharrezko jarraipena” egingo dutela adierazi dute, Sorleku errealitate bihurtu eta herritar guztien gozamenerako izan dadin eta “elkarteek, eragileek, bizilagunek eta inguruko hezkuntza komunitateek erabaki zuten tokian eta moduan” gauza dadin.
Zortzi urte igaro dira parte hartze prozesua burutu zenetik, eta, alderdiak jatorrizko proiektua errespeta dadin alderdi abertzaleak “ahalegin guztiak” egin dituela berretsi du. Iazko urrian, udal gobernuak lursail horietan aparkaleku disuasorio bat egiteko asmoa iragarri zuen, eta auzoak kontrako jarrera erakutsi ondoren, proiektua aldaketarik gabe, “intxaurrondotarrek adostu eta landu bezala”, gauzatzeko mozio bat onartzea lortu zuen EH Bilduk.