Txomineneko anbulatorio berriaren lanak urte amaieran hastea aurreikusten du Eusko Jaurlaritzak
Eraikinak 3.307 metro koadroko azalera eta 30 kontsultategi izango ditu, Jaurlaritzak 9,4 milioi euro inbertituko ditu proiektuan.

Osasun Sailak atzo ezagutarazi zuen Osakidetzak Txominenean eraiki asmo duen anbulatorio berriari buruzko proiektua. Lizitazio fasean dago eta lanak urtea amaitu baino lehen hasiko dituztela iragarri dute arduradunek. 24 hilabeteko epea dute horiek burutzeko eta 2028an zerbitzua ematea hastea espero dute.
Arteleku plazan altxako dute anbulatorio berria, Goikoene kalearen ondoan; eta egun Antzieta 15 kalean dagoena ordeztuko du. Loiola, Txominenea eta Martuteneko bizilagunen aspaldiko eskaera zen, izan ere, txiki geratu da egun artatzen dituen 7.500 bizilagunei arreta emateko; eta are gehiago, datozen urteetan ingurua 17.000 bizilagun izatera iristea aurreikusten dela kontuan hartuta.
Eraikinak 3.307 metro koadro erabilgarri izango ditu lau solairutan banatuta. 30 kontsultategi izango ditu: Familia medikuntzarako 21 —hamaika mediku eta hamar erizaintzakoak—, pediatriako bost —hiru mediku eta bi erizaintzakoak—, bi emakumeen arretarako, beste bi fisioterapiarako eta gimnasio bat. Halaber, sei administrari postu izango ditu. Horrez gain, sendagela, odola ateratzeko gela, bestelako probetarako lekua, larrialdiak eta talde jardueretarako gela izango ditu. Hirugarren solairuan, adikzioak artatzeko zentro bat jarriko dute, eta eraikinean Biogipuzkoak ikerketarako bulegoak izango ditu.