Zer da 'señora' izatea?

Sardinerak señoren aurrean elkartu dira eta gosariari hasiera emateko eskerrak eman dituzte. Bi belaunaldiak ongi bereizi daitezke, baina, gaur, rolak aldatu dituzte eta gazteek señorak zainduko dituzte. Txurroak, txokolatea, fruta eta bestelakoak prestatu dituzte beraientzat. Gainera, mahaietan loreak ipini badituzte ere, haien kolore alaiak ez dira beharrezkoak giro ona nabaritzeko.
Señora Gosaria 65 urte baino zaharragoak diren emakumeentzat Sardinerek antolatutako ekintza da. Lastan, 40 emakume inguru elkartu dira goizeko 10:30ean. Baina gosari hitza ez da nahikoa laburbiltzeko. Ume bati bere familiako pertsona bat aukeratzeko eskatuz gero, erantzuna kasu gehienetan bera izango da: amona. Amonak dira gizartea batzen duten pertsonak. Besteentzat dena emateko prest daudenak, bueltan ezer eskatu gabe.
Hala ere, gosarian parte hartu duten señora ugari ez dira amonak, eta beste batzuek ez dute señora izenarekin bat egiten, baina denak batu dira ondo pasatzeko helburu berarekin. Maiteren kasua da. 86 urteko emakumea, edo hobeto esanda, 86 urteko andrea; izan ere, berari ez zaio señora hitza gustatzen. Iaz, lehen aldiz etorri zen eta aurten lagunak ekarri ditu “andre” gosarira. Familia gonbidatu dutenak ere badaude. Marijoren kasua da hori: bera lehengusinarekin etorri da. Beraientzat, berriz, señora izatea beraien adinarekin ondo sentitzea da.
Ama eta alaba ugari ere aurkitu daitezke bertan: Uxue eta Pili, adibidez. Uxue izan zen iaz jarduera hau aurrera eramatea erabaki zuen kideetako bat: “Hirugarren adineko emakumeetara iristeko erronka genuen”. Atzera begiratzeko aukera aproposa iruditu zitzaion, emakumeek dituzten gaur egungo eskubideak lortzeko aurrez beraiek egin zutelako borroka. Uxueren amak, Pilik, lehengo urtean ezin izan zuen gosarian parte hartu, baina aurten ilusio handiarekin etorri da. Bi belaunaldiak bildu dira, biek esan duten moduan “giro onean primeran pasatzeko”.
Amona, ama, andre edo señora izan edo ez, denek disfrutatu dute gosariaz, txokolateaz bereziki. Minutu batzuk pasatu direnean, gazteak emakumeekin eseri dira eta, metaforikoki bada ere, bi belaunaldien artean zegoen distantzia txikitu dute. Señora edo ez, argi dago emakume hauek gizartean toki handiagoa behar dutela. Iritsiko da edo ez, oraingoz, abesten amaitu dute gosaria.
Hemen dituzue gosarian ateratako argazki batzuk.



















































