Hainbat eraso arrazista salatu dituzte Aste Nagusian
Eraso arrazisten lekukotzak biltzen ari da Hiritarren Harrera Sare. Donostiako Piratek elkarretaratzea egingo dute larunbatean, 19:30ean, eraso arrazistak eta matxistak salatzeko

Abuztuaren 9an hasi zen Aste Nagusia, eta jaietako lehenengo gauean izandako lau eraso arrazistaren testigantzak jaso ditu Donostiako Harrera Sareak. Hala dio lehenak: “Emakume batek kontatu digunez, hilaren 9tik 10erako gauean, mutil bat ikusi zuen Alde Zaharrean, lepotik heltzen eta gazte magrebtar bat itotzen. Bere erasoa justifikatu zuen ustez lapurtu zuelako aitzakiarekin. Larriena da jendeak goretsi egiten zuela erasotzailea”.
Horrez gain, beste hiru gertakariren lekukotzak bildu dituzte: “Batek eraso fisiko baten biktima izan dela kontatu digu, beste batek hiru mutil magrebtarren aurkako eraso baten lekuko izan dela, eta hirugarren batek salatu du jatorriagatik taberna batera sartzea ukatu diotela”.
Portuan izan zen aipaturiko aurreneko eraso fisikoa. Biktimak jakinarazi duenez, bertan zegoen bere bikotekidearekin, eta hiru mutil hurbildu zitzaizkien bertan: “Eskutik indarrez heldu eta fisikoki eraso egiteko eraman zuten, jipoia emanez”. Portura bueltatzen bazen, berriro jipoituko zutela esan zioten.
“Geroago, Polizia agertu zen, eta erasotzaileek egindako lapurreta salaketa faltsuan oinarrituta jardun zuen”, jarraitzen du Harrera Sarearen azalpenak: “Lagundu beharrean, Poliziak borrarekin jo zuen, beste leku batera eraman zuen, eta ez dagokion epai bat eman zion, beste pertsona baten izena agertzen baita bertan, eta 2020. urtekoa da”.
Bigarren testigantzari dagokionez, lekuko batek dio hiru lagun magrebtarrek jasandako erasoa ikusi zuela: “Pertsona talde bat, lapurreta bat aitzakiatzat hartuta, aurkitzen zuen edozein pertsona arabiarri erasotzen hasi zen, ustezko lapurreta horrekin inolako loturarik ez izan arren”. Erasotzaileek hiru gazte utzi zituzten lurrean, odoletan, “fisikoki eraso egin eta gorputzaren kontra botilak hautsi ondoren”. Behean atxikiriko bideoan ikus daiteke jazotakoaren zati bat.
Bestalde, gau berean izandako hirugarren eraso bat ere kontatu du gazte magrebtar batek, taberna batera sartzea ukatu baitzioten bere itxuragatik. “Ez da taberna horri buruzko testigantzak jasotzen ditugun lehen aldia, esanez ez dietela taberna horretan sartzen utzi beraien jatorriagatik”, esan dute Harrera Sareko kideek.
Eraso arrazista polizial bat abuztuaren 10etik 11rako gauean
Abuztuaren 10etik 11rako gauean izandako beste eraso baten berri ere izan du Harrera Sareak, Poliziaren partetik kasu horretan. “Beste emakume euskaldun batek esan digu hainbat mutil magrebtarrekin zegoela, Poliziaren jarduera arrazista bati begira. Polizia modu arrazistan jokatzen ari zela adierazi zutenean, hamar bat agente haiengana joan ziren, eta etengabe erasotzen hasi zitzaizkien”, jakinarazi du.
Orduan, mutil horietako bat geldiarazi zuten lau poliziak eta “behin eta berriz jo zuten”. Beste gazteetako bat ere jipoitu zuten agenteek, herren uzteraino. “Hain bortizkeria handia erabili zuten, ospitalera eraman behar izan zituztela arreta medikoa jasotzeko”, seinalatu du aipatutako kolektiboak. Horren ondoren, gainera, biktimak atxilotu zituzten, zer eta “Polizia modu arrazistan jokatzen ari zela adierazi zutelako”.
Harrera Sareko kideek ohartarazi dutenez, “gertatzen diren eraso arrazista ugarien adibide bat baino ez” dira azaldutako horiek, halako gertaera asko ez dituztelako salatzen edo jakitera ematen.
Albistea gedar.eus-etik hartu dugu CC lizentziak erabilita. Irakurri hemen.