Ibaia, mugimendu handiko tokia
Ibaia, metafora handiko tokia. Ibaia jaio egiten da, ondoren, aldapa ugari igarotzen ditu, baina oreka ere aurkitu dezake eta, honela, toki lasai batean bihurtu daiteke. Azkenik, beste ibai batekin elkartzen da. Edo agian ez. Batzuetan itsaso edo aintzira bihurtzen da. Ibaia mugimendu handiko lekua da. Mundua baita ere.

Kanoatan irteera musikatua 19:00etan hasi da Loiolan, Arrauning elkarteak antolatuta. Ordu horretan, begiak oraindik eguzkira ohitu behar dira. Jaio berri baten moduan, partaideek natura behatzen dute, hau inoiz ikusi ez balute bezala. Argi izpien artean, Iker Laurobak gitarra kanoan igo du eta mikrofono ondoan eseri da.
Lehenengo doinuak entzun daitezke. Urumea ibaia poliki mugitzen da eta bertan dauden animaliak, izkina batetik bestera igerian dabiltza. Zikinkeria ere badago, mundua mugimendu handiko tokia baita eta gizakiok azkarregi mugitu nahi izan dugu.
Ibilbidearen lehen minutuak azkar pasa dira. Laurobaren eta uraren ahotsak bat egin dute eta bien artean lasaitasun giroa sortu dute. Isiltasuna soilik entzuten da, gitarraren akordeekin batera. Baina bi kanoek talka egitean, hau bukatu da. Orain, umeen ahotsa, arraunarena eta gurasoena entzuten da.
Besoek min egiten dute, zorabioa nabaritzen da eta kanoa urez betetzen hasi da. Hauek dira jarduera honen hiru alderdi negatiboak, eta, hala ere, partaide guztiek irribarre egiten dute. Itsu daudela dirudi, besteentzat hain erabakitzaileak diren arazoez ez direlako jabetzen. Agian, mugikorra gainean ez dutelako gertatzen zaie edo beraien arreta beste toki batean dagoelako.
20:00etan eguzkia jaisten hasi da. Partaideek begiak guztiz ireki ditzakete eta naturan dauden koloreak biziagoak dirudite. Ahate bat enbor baten goialdean eseri da eta, handik, kanoak behatzen ditu. Gizakiok sortutako tresnak dira, baina ahateak hori ez du ulertzen. Berarentzat beste animali batzuk gara, soilik.
21:00etan bidaia amaitu da eta, ibaiak egiten duen moduan, partaideek ere ibai izateaz utzi dute. Eguzkia zeruertzean iztukatzen hasi da, baina borobil gorri bat ikus daiteke oraindik. Mundua mugimendu handiko lekua da. Ibaia ez hainbeste.
































