Aste Nagusian jazotako eraso matxista eta arrazistak gaitzetsi dituzte piratek

Piratek eta Harrera sareko kideek deituta, manifestazioa egin dute larunbat arratsaldean Flamenkatik abiatuta. Ekintza honen bidez, Aste Nagusian izandako eraso sexista, LGTBIQ-fobiko eta arrazistak salatu dituzte. Hitzordua, ordea, hasi aurretik ezarri zutela gogoratu dute, bazekitelako amesten dute Donostia “pirata eta askeak” oraindik bidea egiteko duela, eta erasoak kudeatu beharko zituztela.
Gaur arte hainbat eraso eta kaleratze kudeatu behar izan dituzte beren gunetik. Nabarmendu dituzte kide arrazializatuak “sekulako bortizkeria pairatzen ardi direla”, eta beraz, “zer ikasi eta deseraiki” badela. Halaber, salatu ez diren hamarnaka eraso ere gertatu direla, jaiak ez baitira berdinak denontzat. “Batzuek jaiak automatikoki gune erosotzat dituzten bitartean, emakumeok, transok pertsona queerrek, arrazializatuek… beldurra, bazterkeria eta biolentzia sentitzen dugula jai gune batean gure gorputza jartzen dugunean”. Hala sentitu direnei mezu argia helarazi diete: “gutako bat ukitzen badute, denok ukitzen gaituzte, eta erantzungo dugu!”.
Ildo beretik, bai Donostian bai inguruko herrietan oldarraldi faxistaren baitako eraso arrazistak areagotzen ari direla gaitzetsi dute. Aste Nagusian zazpi eraso arrazista larri zenbatu dituztela jakinarazi dute. Horrez gain, mehatxatuak eta irainduak izan direnen berri ere izan dute, baita tabernetara sartzeko debekuak edo ukoak jaso dituztenenak ere. Harrera Sareko kideak, gainera, ziur daude gehiago izan direla. Gogoratu dute eraso hauek ez direla festetan bakarrik gertatzen, urte osoan zehar pertsona migranteek eta arrazializatuek erasoak “etengabe” jasatzen dituztela hiriko kaleetan. Horiek salatu eta agerian jartzeaz gain, jasaten dituztenei babesa ematea “premiazkoa” dela uste dute.