Aste Nagusi "handia eta beroa"

Bart amaitu da aurtengo Aste Nagusia eta zortzi egunetan hiria kolorez, alaitasunez eta dibertsioz bete duten festen balantzea egin dute Eneko Goia alkateak eta Kultura, Euskara eta Turismo zinegotzi Jon Insaustik igande eguerdian. “Arrakastatsutzat” jo dute eta hiriko jai-egutegiko hitzordu garrantzitsuenetako bat dela berretsi duela.
Alkateak parte hartze “handia eta beroa” izan dela nabarmendu du, jaietako klasikoek beste behin “arrakasta handia” izan baitute eta proposamen berriek, aldiz, “harrera beroa” jaso. Hortaz, Aste Nagusia “garai berrietara egokitzen” ari dela uste du, egitarau zabala aberasten laguntzen duten proposamen berrirekin.
Aurreikusitako jarduera guztiak aurrera eraman dituzte zortzi egunotan, aparteko gertakaririk gabe, nahiz eta beroak hainbaten parte hartzea “baldintzatu” duen. Ildo beretik, alkateak doluminak helarazi dizkio ostiralean Paseo Berriko Igerialdian parte hartzen ari zela hil zen gizonaren familiari. Halaber, Kursaaleko terrazan jarritako ur parkea eta ur txirrista “oso bisitatua” izan da denetariko pertsonentzat alternatiba “freskagarri eta dibertigarria” eskaini baitute.
Bestalde, udalaren eta Donostia Festaken azken urteetako ahaleginetako bat jaiak auzoetara zabaltzea da. Aurten egindakoei esker, Antigua, Amara edota Groseko eremuak “sendotu” egin direla adierazi du Goiak.
Su artifizialen kalitatea ere goraipatu du alkateak. “Lehiaketa ospakizunaren mailan egon da. Proposamenak ikusgarriak izan dira eta bolbora karga handia izan dute. Eta gainera, ikuskizun piromusikalak Aste Nagusiaren jarduera esanguratsuenari amaiera ezin hobea jarri dio”.
Amaitzeko, eskarrak eman dizkie aste osoan lanean jardun duten Donostia Kulturako Festak ataleko langile guztiei, baita “Aste Nagusi bikain bat” posible egin duten boluntario, erakunde eta elkarteei ere.
Parte hartzeari buruzko zenbait datu ere eman ditu udalak.
- Su artifizialak 665.000 pertsona.
- Kanoikada eta holi festa: 12.000 pertsona.
- Konstituzio plazako emanaldiak: 11.500 pertsona.
- Kursaaleko ikuskizunak: 7.300 pertsona.
- Katalunia plaza: 4.480 pertsona
- Bulebarra: 13.500 pertsona.
- Sagues: 57.500 pertsona.
- Kirol jarduerak: 4.110 pertsona.
- Ur parkea: 3.400 pertsona.