1.200 euroko isuna ezarri diote taxilari bati eraso egin zion gizonezkoari
Erasoa uztailaren 5ean gertatu zen Pio Baroja pasealekuan.

Radio Taxi Donosti Elkarteak jakinarazi duenez, emakume taxilari bati zaplaztekoa eman zion gizonezkoa lesio delitu arin batengatik zigortua izan da. Erasotzaileak 1.200 euroko isuna eta erantzukizun zibil gisa beste 150 euro ordaindu beharko dizkio biktimari. Hala erabaki du Donostiako Instrukziozko 4 zenbakiko Epaitegiak. Bai biktimak bai elkarteak eskerrak eman dizkiote gertakarien lekuko izan eta gertatutakoa epaiketan azaldu zuten herritarrari.
Uztailaren 2an gertatu zen erasoa, 10:15ak inguruan, Pio Baroja pasealekuaren parean. Taxilariak bezero bat eraman zuen Metropolitan klubera. Inguru horretan leku gutxi dago gelditzeko eta autoen joan-etorria eten daiteke kotxea geldituz gero. Erasotzaileak klaxona behin eta berriro ukitu zuen, gidariari presa sartzeko. Bezeroari arreta eman ondoren, gizonezkoarengana hurbildu zen gidaria, bere jarrera aurpegiratzeko. Orduan, kondenatua grabatzen hasi zitzaion eta taxilariak hori egiteari uzteko eskatu zionean, betaurrekoak erorarazi zizkion zaplazteko bat jaso zuen. Lesioen partearen arabera, biktimak trauma osteko eskuineko otalgia izan zuen.
Elkartearen hitzetan, gertakari horrek “errealitate kezkagarri” bat agerian utzi du taxilariek indarkeria egoerak pairatzen dituztela, “lege babes nahikorik gabe”. Hortaz, “premiazkotzat” jo dute sektoreak “berme juridiko argiak eta eraginkorrak jasotzea”, erasotzen duena zigortzeaz gain, etorkizuneko erasoei aurre hartzeko.