850.000 bidaiatik gora erregistratu ditu Dbusek Aste Nagusian

Donostiako Aste Nagusia amaituta, hilaren 9tik 16rako autobusen erabilera datuen berri eman du Dbusek, eta, nabarmendu duenez, “Dbuseko autobusen erabilera masiboa izan da”: “853.424 bidaia egin dira Dbuseko autobusetan. Hau da, 2024an erregistratutako 805.664 bidaiak baino %5,93 gehiago. Donostian, garraio publikoaren erabileran lortutako kopuru errekorra izan da”.
Autobus konpainiak azaldu duenez, hilaren 14an, 11n eta 13an izan dituzte erabiltzaile gehien autobusek, 128.310, 116.362 eta 116.275 bidaia erregistratu baitituzte egun horietan, hurrenez hurren. Igandea kenduta (80.744 bidaia), 100.000 bidaia baino gehiago erregistratu dituzte Aste Nagusiko egun guztietan. Abuztuaren 14koa, gainera, Dbusen historian bidaia gehien izan dituen bigarren eguna izan da, soilik 2018ko San Tomas egunaren ondoren, 129.321 bidaiarekin.
Horrela, 2025eko Aste Nagusia da Dbuseko autobusetan bidaia gehien erregistratu diren Aste Nagusia. 2024koa da bigarrena (805.580 bidaia) eta 2010ekoa hirugarrena (800.945 bidaia).
Datu zehatzagoak
Bestalde, auzoei dagokienez, gehien erabili diren lineak Amara eta Amara Berrikoak izan dira (17, 21, 26 eta 28 lineak), 209.943 bidaiarekin. Ondoren, Antiguakoak (5, 25, 33, 40 eta 45 lineak), 177.615 bidaiarekin; Altza-Bidebietakoak (13-14 lineak), 145.268 bidaiarekin; Egia-Intxaurrondokoak (8, 9, 29 eta 42 lineak), 90.076 bidaiarekin eta Aietekoak (18, 19, 23, 31, 32 eta 46 lineak), 89.443 bidaiarekin. Mikrobus lineetan 27.782 bidaia erregistratu dituzte.
Gautxorien lineen erabilera ere igo egin da: %1,56, aurreko urtearekin alderatuta, 38.868 bidaiarekin. Halaber, Illunbera joateko autobusen zerbitzuak %5,69 bidaiari igoera izan du 2024ko datuekin alderatuta, 4.273 bidaia zenbatu baitituzte.
Guztira, 23.400 zerbitzu baino gehiago eskaini ditu Dbusek Aste Nagusian. Horretarako, 270 gidari aritu dira egunero, beste 45 pertsona gehiagoren laguntzarekin, batez ere, ikuskatzaile eta tailerreko langileekin.