«Altzako horma-irudia margotzea prozesu gogorra izan da»

Nextor Otaño 13 urterekin hasi zen bere sinadurarekin lehenengo grafitiak egiten. Furgoneta bat sinatu ondoren, bere aitak, errieta egin beharrean, berarekin arte ikastaro batean parte hartu zuen eta, ondoren, muralak margotzen hasi ziren, Nexgraff izenpean. Orain, Otañok Arte Ederrak Bilbon ikasten ditu eta etorkizunean muralak sortzen jarraitzeko intentzioa du.
Azkeneko hilabetean, Altzako 80 metroko horma-irudia burutu du. Uztailaren 30ean amaitu zuen eta hilabete bat pasatu zuen horma margotzen. Prozesu “gogorra” izan da berarentzat, izan ere, pareta margotzeko eragozpenak izan zituen honen ehundurarengatik, horregatik, zuntz panela jarri behar izan zioten gainean. Gainera, eguzkiak gogor jotzen zuen arratsaldetan, bertan egoteko zailtasunak sortuz.
Hasieran, Altzako Historia Mintegiarekin hainbat bilera egin zituzten, horma-irudiaren inguruko xehetasunak zehazteko. Ondoren, Altza denboraren joan-etorrian liburuxka oinarri moduan izanda, diseinua sortzen hasi ziren: ilustrazioekin eta argazki zaharrekin collage moduko bat egin zuten.
Altzaren historia kontatu dute irudiekin: historiaurretik hasi dira, ondoren, antzinaroan erromatarrak ipini dituzte eta euskaraz dauden lehenengo idatziak baita ere. Halaber, Korrikako logo zaharkitua berritu dute eta irudiaren parte egin dute.
Otañok, emaitzarekin gustura sentitu arren, aldaketa batzuk egingo lituzke bere obran. Esate baterako, kolore paleta aldatuko luke. “Pertsonalki, agian koloretsuegia gelditu dela iruditzen zait”, baieztatu du, baina Otaño inoiz ez da bere obrekin guztiz gustura gelditzen, dioenez.
Gainera, horma-irudia margotzen ari zen bitartean, bertatik pasatzen ziren bizilagunek iritziak beraiekin partekatu zituzten. Orokorrean iritzi oso onak izan arren, batzuetan aurreiritziak ere entzun zituzten.
Beraien ekarpena atal artistikoan, soilik, izan dela azpimarratu dute. Bestalde, Otañok eta bere aitak proiektuaren bultzatzaileei, hau da, historia mintegikoei, Bizarrain euskara elkarteari eta bizilagunei eskerrak eman nahi izan dizkiete.