Berdinketa eta garaipena Realeko lehenengo eta bigarren taldeentzat, liga hasteko

Hasi dira gizonezkoen lehenengo eta bigarren mailako futbol ligak eta, beraz, martxan dira Realeko mutilen lehenengo eta bigarren taldeak. Larunbatean jokatu zuen lehenengo taldeak, Valentzian, eta igandean bigarrenak, Anoetan.
Sergio Francisco entrenatzailearen aginduetara, Valentzia izan zuten aurkari Realeko mutilek larunbatean, Mestallan, eta berdinketa batekin itzuli ziren Donostiara. Ez zen gaizki aritu talde txuri-urdina, nahiz eta nabaritzen den oraindik entrenatzaile berriaren estilora egokitu eta erritmoa hartu behar dutela.
Caleta-Car eta Guedes jokalari berriek debuta egin zuten, eta Take Kubok sartu zuen txuri-urdinen gola, Diego Lopezek Valentzia markagailuan aurreratu eta hiru minutura, 60. minutuan. Igandean itzuliko dira Anoetara Franciscoren mutilak, Espanyolen aurka jokatzeko.
Bigarren mailara itzulera
Espainiako Bigarren Mailara itzuli da aurten Reala B eta atzo jokatu zuten lehenengo neurketa, Anoetan, Zaragozaren aurka. 6.000 ikusle ingururen aurrean, partida ona jokatu zuten txuri-urdinek, eta 35. minutuan Ochiengek sartutako golarekin eskuratu zuten garaipena. Gorosabelen pase bat baselina eder batekin errematatu zuen Ochiengek, gol bikaina sinatuz.
Azken minutuetan, aragoiarrek donostiarrak estutu zituzten, baina markagailuari eutsi zioten etxekoek, hiru puntuak batuz. Datorren igandean, beste talde historiko baten aurka jokatuko dute: Malagaren aurka, andaluziarren etxean.