Donostia Arraun Lagunak zuzenean arituko da Kontxako Banderan
Lehenengo aldiz, Donostiarrako neskek ez dute plazarik ziurtatuta izango Kontxako Banderako bi igandeetan, Euskotren Ligan hoberen sailkatutako talde donostiarrak baizik, Donostia Arraun Lagunak-ek.

Donostiarrak plaza ziurtatua izan du orain arte Kontxako Banderako bi jardunaldietan, sailkatze estropadatik pasatu gabe, baina emakumezkoen Kontxako Banderako araudia aldatu zuen maiatzean Donostiako Udaleko Festak Sailak. Aldaketa horren bidez, Euskotren ligan sailkapen onena lortzen duen klub donostiarra izango da Kontxako Banderan plaza ziurtatua izango duen bakarra.
Beraz, Donostia Arraun Lagunak arituko da aurten zuzenean Kontxako estropada handian, irailaren 7an eta 14an. Donostiarra, aldiz, irailaren 3ko sailkatze estropadan lehiatu beharko da beste zazpi plazetako bat eskuratzeko, gainontzeko klubekin batera, Donostia Arraun Lagunak-ek orain arte egin behar izan duen moduan. Izan ere, ligako liderra da Donostia Arraun Lagunak, eta zazpigarren sailkatua Donostiarra. Hala jakinarazi du ofizialki Donostiako Festak-ek.
Gizonezkoetan, aldiz, Donostiako traineru bakarra Donostiarrarena izanik, Kontxako Banderako plaza ziurtatuta izaten jarraituko du talde horrek.
Hiru Kontxa irabazita
Gogoratu behar da Donostia Arraun Lagunak-ek hainbat liga eta hiru Kontxako Bandera irabazi dituela azken urteotan, maila oso altua erakutsiz. Martuteneko klubak 2021ean irabazi zuen Donostiako lehiaketa handia lehen aldiz, eta 71 urte luzeren ondoren bandera etxean geratzea lortu zuten; aurretik, 1950ean Esperanza elkartea izan zen Kontxa irabazi zuen azken ontzi donostiarra.
Jon Insausti Kultura zinegotziak maiatzean aitortu zuen egoerak “tentsio uneak” sortu izan dituela “bi aldeen, udalaren eta Donostia Kultura Festak-en artean”: “Behin mahai gainean zeuden hainbat faktore aztertuta, emakumezkoen trainerua duten bi klubekin hitz eginda eta egoerari aurre egiteko modu egokienari buruz hausnarketa sakona eginda hartu dugu araudia aldatzeko erabakia”. “Hartutako erabakiak bi klubak berdintasun egoeran utziko ditu”, gehitu zuen zinegotzi jeltzaleak.
2008an Kaiarriba Donostiarra klub bateratua sortu zen arte, hiriko ordezkaria nor zen erabakitzeko sailkapen estropada bat egiten zen Aste Nagusian. “Emakumezkoen Kontxako Banderan aldiz, proiektu bateratuak ez du trainerurik izan 2017. urtea arte. Orduko araudiak Donostiako tripulazio bati buruzko aipamena egiten zuen, eta urte hartan proiektu bateratua izatera pasatu zen, hirian bi emakumezkoen traineru zeudela ikusita. Eta araudiaren atal hau da aldatzea erabaki dena, emakumezkoen Kontxako Banderaren hiriko ordezkaritza erabakitzeko baldintza berriak jasotzeko”, nabarmendu zuten udaleko ordezkariek maiatzean.