Markak hautsita eta garaipen bikoitzarekin, liga bideratuta utzi du Donostia Arraun Lagunak-ek
Erakustaldia eman du Donostia Arraun Lagunak-ek asteburuan Zarautzen, bi jardunaldietan erraz gailenduta eta markak hautsita; liga ia itxita utzi dute.

Euskotren lligako estropada garrantzitsuenetako bat da Zarauzkoa, asteburuan jokatutakoa, eta erakustaldia eman du Donostia Arraun Lagunak-ek. Larunbateko zein igandeko jardunaldietan gailendu zen Lugañenea ontzia, eta estropada eremu horretako marka hautsi zuen igandean, 10:29:80-ko denbora eginda. Halaber, bi jardunaldietako denbora bateratuaren marka ere hautsi dute donostiarrek.
Larunbatean, 10:36,14-ko denbora egin zuen Martuteneko klubak, Tolosaldeari eta Oriori hamar eta 22 segundo aterata, hurrenez hurren. Igandean, aldiz, 10:29:80-ko denbora egin zuten Juan Mari Etxaberen arraunlariek, Tolosaldeari eta Oriori bederatzi eta hamaika segundo aterata, hurrenez hurren.
Bi jardunaldi gelditzen dira liga bukatzeko, eta Donostia Arraun Lagunak-ek hamabi puntu ateratzen dizkio sailkapen orokorrean Oriori. Beraz, liga ia irabazita dauka taldeak; ondo bidean, larunbat honetan ospatu ahalko dute ligaren garaipena.
Bestalde, Donostiarrako neskei dagokienez, bosgarren (larunbatean) eta zazpigarren (igandean) izan dira Zarauzko estropadetan, eta zazpigarren postuan daude ligan.
Eusko Label liga
Gizonezkoen arraun ligari dagokionez, Orio liderra izan da garaile Zarauzko bi jardunaldietan, eta Donostiarra bosgarren izan zen larunbatean eta laugarren igandean. Ligako hirugarren postuan dago Donostiako taldea.