Monpasetik gertu tona bat boga legez kanpo bota dutela salatu du Eguzkik

Eguzki Talde Ekologistak idatzi baten bidez jakinarazi du Donostiako uretan gertatutako ingurumenaren aurkako ustezko delitu bat salatu duela Ingurumen fiskaltzan. Zehazki, hilaren 14an, ontzi ezezagun batek tona bat boga(boops boops) legez kanpo bota zuen uretara Monpasetik gertu. Arrantza bazterkin horren egileak identifikatu eta erantzukizuna zehazteko eskatu du talde ekologistak, egindakoa “baliabide naturalen eta ingurumenaren aurkako” ustezko delitua izan baitaiteke, Zigor Kodearen 325. artikuluan tipifikatua dagoena, eta subsidiarioki “faunaren aurkako delitua”, 335. artikuluan jasoa.
Talde ekologistak azaldu duenez, 2019ko urtarrilaren 1etik indarrean dago arrantzan harrapatutako guztia lehorreratzeko agindua, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 11ko 1380/2013 Erregelamenduak aurreikusitakoaren arabera. Arau horren xedea, bazterkinak murriztea da; arrantza baliabideak eta ekosistemak nabarmen kaltetzen baititu. Arrantzatu ondoren berriz ere uretaratzeko arrazoiak askotarikoak izan daitezke —gutxieneko neurria ez izatea, espezieak plazan preziorik ez egitea, kuotarik ez izatea…— eta araudiak salbuespenak eta “malgutasunak” aurreikusten ditu; ondorioz, legezko arrantza bazterkinek ohiko izaten jarraitzen dute. Edonola, Eguzkiko kideen ustez, “salbuespen horietako bat bera ere” ezin zaio Monpasekoari aplikatu, aipatu erregelamendua, Estatuko Itsas Arrantzari buruzko martxoaren 26ko 3/2001 Legea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Itsas Arrantzari buruzko martxoaren 13ko 6/1998 Legea ere urratzen baititu.