Zinemaldiko belodromoko filmentzako sarrerak, asteartean salgai

Hurbiltzen ari da Zinemaldia, eta martxan dira lehen salmentak. Bihar, abuztuaren 19an, 10:00etan jarriko dira salgai Zinemaldiaren 73. edizio honetan Belodromoan egingo diren emanaldietarako sarrerak. Programazioak Go!azen telesailaren hamabigarren denboraldiko lehen atalaren bi emanaldi hartuko ditu barne, Rondallas –Daniel Sanchez Arevaloren film berria– eta Hasta que me quede sin voz –Leiva musikariari buruzko ez-fikzioa–. Bertan egingo da baita ere itxiera galaren emankizuna, EITB Gala, Kontzertua & Proiekzioa –Euskadiko Orkestrarekin eta SGAErekin batera antolatutako ekimen tradizionala–.
Irailaren 23an, asteartean, 19:00etan estreinatuko da Rondallas / Band Together –Daniel Sanchez Arevaloren (Madril, 1970) itzulera zinemara–. Javier Gutierrez, Maria Vazquez, Judith Fernández, Tamar Novas eta Fer Fraga dira komedia dramatiko honen protagonistak; filmak kontatzen du nola Galiziako udalerri batek erabakiko duen herriko errondaila –musika-talde tradizionala– berreskuratzea; “erresilientziari eta garai gogorretan komunitateak duen garrantziari eskainitako oda” gisa definitu dute.
Ostegunean, hilaren 25ean, 19:00etan, Hasta que me quede sin voz filma emango da pantaila erraldoian. Bertan, Leiva musikariaren bizitza, zurrunbiloa eta bere ahots-kordetako batean duen lesio konponezin baten ondorioz bizi duen egoera azaltzen dira. Hiru egileren lan kolektiboa da filma: lehenik, Mario Fornies dugu (Madril, 1976), proiektu ugari ekoitzi dituena,; bigarrenik, Lucas Nolla (Madril, 1978), hainbat filmetan muntatzaile lanak egin dituena; eta, hirugarrenik, Sepia (Ushuaia, Argentina, 1980), argazkilaria eta musika bideoen zuzendaria.
Gainera, lehen aldiz, Go!azen telesailaren bi emanaldi egongo dira: bata, asteazkenean, hilaren 24an; bestea, ostiralean, hilaren 26an; bi saioak 18:30etan. Go!azen telesailaren hamabigarren denboraldiko lehen atala aurkeztuko da, eta, iaz bezala, emanaldiaren aurretik zuzeneko funtzio bat egingo dute protagonistek. Itziar Gomez Sarasolak (Errenteria, 1964) zuzendu du Basakabi udalekuko musika-abenturen denboraldi berri hau.
Belodromoko emanaldietarako sarrera bakoitzak 8,75 euro balio du eta bihartik aurrera (abuztuaren 19a, 10:00etan) erosi ahalko dira Zinemaldiaren webgunearen bidez (https://sansebastianfestival.janto.es), bai eta Kutxabanken webgunearen medioz ere (https://tickets.kutxabank.es). Emanaldi bakoitzeko lau sarrera baino ezin dira erosi, eta erosketa bakarrean hamar sarrera edo gehiago erosiz gero, % 25eko deskontua aplikatuko da.