Batez besteko soldataren %77 bideratu behar da alokairura Donostian

Etxebizitzaren ordainketara diru sarreren %30 baino gutxiago bideratzea izan ohi da adituen gomendioa, baina Pisos.com atariak argitaratutako azken analisiaren arabera, ehuneko horretatik oso urrun daude donostiarrak: batez besteko soldataren %77,41 bideratu behar dute alokairu tradizionalera (90 metro koadroko etxebizitza batentzat). Atariak Espainiako Estatuko batez besteko soldata gordinean oinarrituta atera ditu datuak; INE erakunde ofizialaren arabera, 2.290,46 eurokoa da soldata hori 2025eko lehenengo seihilekoan.
Donostia da estatuko etxebizitzaren prezio altuenetakoa duen hirietako bat, baina ez soldataren %30 baino gehiago alokairura bideratu behar duen bakarra. Hain zuzen ere, estatuko batez bestekoa %52,61 da eta Hego Euskal Herriko gainontzeko hiriburuena ere %30aren gainetik dago: %63,68 Bilbon, %50,64 Gasteizen eta %40 Iruñean. Madrilen eta Bartzelonan, aldiz, %100aren gainetik dago ehunekoa.
Alokairu partekatuen kasuan, soldata gordinetik alokairura bideratu beharreko ehunekoa nabarmen baxuagoa da, noski: %18,46 batez beste, estatuan. “Ehuneko horiek soldata gordinean oinarritzen dira, eta horrek esan nahi du herritarren poltsikorako benetako egoera, zergak eta kotizazioak kenduta, are prekarioagoa da”, nabarmendu du Ferran Font Pisos.com-eko ikerketen bozeramaile eta zuzendariak.