Carlos Fernandezek utzita jokatuko du Mirandesen

Realak baieztatu du Carlos Fernandez aurrelariak Mirandesen jokatuko duela denboraldi honetan, utzita. Klub txuri-urdinean aurreikusita zegoen irteeretako bat zen sevillarrarena, denboraldiaurrea taldearekin hasi bazuen ere, pasa den asteburuko ligako partida baino lehenago bere kabuz entrenatzen ari baitzen.
Horrela, Espainiako Bigarren Mailan jokatuko du denboraldi honetan Fernandezek. Burgosko taldeak ez dauka jokalaria fitxatzeko aukerarik, eta bertan utzita jokatzen duen bitartean, Realak ordainduko du bere soldataren zati handi bat. Azken urteotan, asko izan dira Mirandesen utzita jokatu duten jokalari txuri-urdinak, hala nola, Merquelanz, Guridi, Sagnan, Roberto Lopez eta Dadie.
Aurrelaria 2021ean fitxatu zuen Realak, Sevillari hamar milioi euro ordainduta. 2027ra arte dauka kontratua klub donostiarrarekin, baina urteotan ez du lortu taldean bere lekua egitea eta, hain zuzen ere, azken denboraldian ere Cadizen jokatu du, utzita. Klub txuri-urdinera iritsi eta berehala, lesio larri batek jokatu gabe utzi zuen hainbat hilabetez eta, urteotan, bost gol baino ez ditu sartu Realarekin, jokatu dituen 59 neurketa ofizialetan.
Gutxienez beste lau jokalariren irteerak daude aurreikusita Realean, pasa den ostiralean klubak dortsalik utzi zituenenak, hain zuzen ere: Javi Lopez, Umar Sadiq, Alvaro Odriozola eta Sheraldo Becker.