Gipuzkoako suhiltzaile talde bat Leonera abiatu da suteak itzaltzeko lanak indartzera
Hamar boluntariok eta sei ibilgailuk osatutako talde bat Gipuzkoatik abiatu da Gaztela eta Leonen hiru egunez laguntzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiak eskertu egin du operatibo honetan parte hartzen duten profesionalen inplikazioa eta konpromisoa.

Astelehen goizean, Gipuzkoako hamar suhiltzaile boluntariok osatutako bi dotazio Gaztela eta Leonera abiatu dira, han egiten ari diren itzaltze lanak indartzeko helburuarekin. Talde operatiboa bi esku-hartze unitatetan antolatuta dago, eta bakoitzak bere arduradunak ditu: operatiboa, taktikoa eta koordinazio estrategikokoa.
Gipuzkoako talde operatiboa sei ibilgailurekin abiatu da —hiru arin eta hiru baso-suteen aurkako autobomba astun— Urola, Bidasoa eta Oriako parketatik irtenda. Esku-hartzeak hiru eguneko iraupena izango du.
Gobernantzako foru diputatuak, Irune Berasaluzek, misio honetan parte hartzen ari diren boluntarioen konpromisoa eta dedikazioa nabarmendu ditu: “Nire eskerrik beroena adierazi nahi dizkiet operatibo honen esanetara jarri diren profesionalei. Suhiltzaile hauen inplikazioa konpromiso kolektiboaren eta herritarren zerbitzuaren adibide argia da”.
Giza baliabide eta material berrien ekarpen honekin, Gipuzkoako Foru Aldundiak “bere laguntza eta elkartasun konpromisoa” erakutsi nahi izan du, eta adierazi du baso suteen aurkako borrokan “eskura dituen baliabide guztiak” jarriko dituela erabilgarri.