Gizon bat atxilotu dute Donostian, autokarabana batean lapurtzen saiatzeagatik

Ertzaintzak 35 urteko gizon bat atxilotu du Donostian goizaldean, 04:30ak aldera, Mirakontxa pasealekuan aparkatuta zegoen autokarabana batean lapurtzen saiatzea egotzita.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, autokarabanaren jabea barruan lotan zegoela saiatu da gizona lapurreta egiten: “Patruila batek ikusi du Donostiako Mirakontxa pasealekuan zegoen autokarabana batek atea zabalik zuela. Agenteek gizon bat aurkitu dute gidariaren aldean, eta eskuetan bi tableta, smartwatch bat eta eraztun bat zituen, ustez ibilgailutik lapurtzeko asmotan. Une horretan, autokarabana barruan lo zegoen jabea esnatu egin da, eta atea giltzaz itxi gabe zegoelako barrura sartu den gizonak eskuetan zituen objektu guztiak bereak direla adierazi du”.
Hori dela eta, ertzainek gizona atxilotu dute, jendea bizi den lekuan lapurreta egitea leporatuta. Atxilotua astearte goizean jarri dute agintari judizialaren eskuetan.
Mugikorrak lapurtzeagatik hiru atxilotu
Gizon hori ez da azken egunotan lapurretekin lotuta Donostian atxilotutako pertsona bakarra, izan ere, Ertzaintzak hiru gizon atxilotu zituen igandean hirian, hainbat pertsonaren telefono mugikorrak lapurtzea leporatuta.
Atxilotuetako bik 25 urte dituzte eta besteak 22, eta Donostiako Guardiako Epaitegiaren eskuetan jarri zituzten. Ertzaintzak ikertzen jarraitzen du, “telefono mugikorren jatorria argitzeko eta euren legezko jabeei itzuli ahal izateko”. Azaldu dutenez, sakelako horietako batzuk dagoeneko itzuli dizkiete euren jabeei.