Hamasei film Urrezko Maskorraren lehian

Zinemaldiak aurtengo jaialdian Sail Ofizialean parte hartuko duten beste zazpi film ezagutarazi ditu. Hortaz, besterik gehitu ezean, irailaren 19tik 27ra bitartean Urrezko Maskorra lortzeko lehian ariko diren lanak hamasei izango dira. Iaz Conclave ekarri zuen Edward Berger-ek (Wolfsburg, 1970) zuzendutako Ballad of a Small Payer lan berria da horietako bat. Bertan, Colin Farrell aktorea jokalari amorratu baten azalean jarriko da eta Macaun dagoela, iragana eta zorrak eragiten hasiko zaizkio. Fala Chen, Tilda Swinton eta Alex Jennings aktoreek ere parte hartu dute filmean.
Zinemaldian askotan izan da Claire Denis (Paris, 1946). 2023an, epaimahai ofizialaren burua izan zen eta bigarren aldiz bere lan bat dago sari nagusirako hautagaien artean. Bernard-Marie Koltèsen Combat de nègre et de chiens antzezlanean oinarritutako Le Cri des Gardes / The Fence, Mendebaldeko Afrikako obra bateko barrakoietan girotuta dago. Isaach de Bankolé, Matt Dillon, Mia McKenna-Bruce eta Tom Blyth ditu protagonista.
James Vanderbiltek (Connecticut, 1975) Nuremberg filma ere liburu baten egokitzapena da, zehazki, Jack El-Hai kazetari eta idazlearen The Nazi and the Psychiatrist. Bertan, Rami Malekek Douglas Kelley benetako pertsonaia hezurmamituko du. Nurembergeko epaiketen bezperan 22 nazi aztertu zituen psikiatra estatubatuarrak, tartean, Hitlerren eskuineko esku Hermann Göring, Russell Crowe aktoreak gorpuztua.
Ezagunak eta berriak
Egiazko istorio bat birsortzen du ere Dolores Fonzi (Buenos Aires, 1978) aktore, gidoigile eta zinemagile argentinarraren bigarren lanak: Belén, Fonzik berak paper protagonista bat du Camila Plaate eta Laura Paredesekin batera: Nahita abortatzea leporatuta kartzelatutako emakume gazte baten askatasunaren alde egingo duen abokatuarena. Egiazko istorio bat birsortzen du pelikulak.
Six jours ce printemps-là / Six Days in Spring da Joachim Lafosseren (Uccle, 1975) film luze berria Belgika, Frantzia eta Luxenburgo arteko koprodukzioa. Eye Haïdara ama etsi bat da, aitaginarreba ohiek Kosta Urdinean duten etxea maileguan hartzen duena, seme-alabekin opor egun batzuk igarotzeko. Belgikako zuzendariak hirugarrenez hartuko du parte Zinemaldiko Sail Ofizialean. Lehen aldian, Les chevaliers blancs / The White Knights (2015) lanarekin Zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra eskuratu zuen.
Zinemaldian estreinakoz lehiatuko dira, aldiz, Olmo Omerzu (Ljubljana, 1984) eta Xiaoyu Qin (Hohhot, 1974). Ez da esloveniarraren lehen parte hartzea, ordea, Zuzendari Berriak sailean izan baitzen Rodinny Film / Family Film (2015) bere bigarren film luzearekin. Oraingoan, Ungrateful Beings ekarriko du, Eslovenia, Polonia, Eslovakia, Kroazia eta Frantziarekin batera ekoitzitako Txekiar Errepublikaren produkzioa. Bertan, agidanez lasaia den oporraldi batez gozatzen ari dira, kanpin batean, aita dibortziatu berri bat eta haren bi seme-alaba nerabeak. Zinemagile txinatarrak, berriz, bere fikziozko lehen film luzea aurkeztuko du: Jianyu Laide Mama / Her Heart Beats in Its Cage. Senarra hiltzeagatik espetxean hamarkada bat igaro ondoren, emakume bat hamar urteko semearekin elkartuko da.
Binocheren debuta, kanpo
Aipatu filmez gainera, jada iragarritako hauek ere parte hartuko dute: Arnaud Desplechinen Deux pianos / Two Pianos; Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregiren Maspalomas; José Luis Guerinen Historias del buen valle / Good Valley Stories; Agnieszka Hollanden Franz; Milagros Mumenthalerren Las corrientes / The Currents; Alberto Rodriguezen Los tigres; Alauda Ruiz de Azuaren Los domingos / Sundays; Yutaro Seki eta Kentaro Hiraseren SAI / SAI: Disaster; eta Alice Winocourren Couture.
Horiez gain, Sail Ofizialaren parte izango dira, lehiaketatik kanpo, Juliette Binoche (Paris, 1964) aktoreak zuzendari gisa egin duen lehen filma eta Junji Sakamotoren (Osaka, 1958) lan berria, Emanaldi Berezi gisa. Binochek zuzendutako IN-I In Motion, In-In ez fikziozko lanak ktoreak 2007an Akram Khan dantzari eta koreografoarekin batera egindako dantza eta antzerki ikuskizun hibridoan izandako esperientzia berrikusten du. Sakamotok, aldiz, Teppen no mukou ni anata ga iru / Climbing for Life dakar, Junko Tabei alpinista japoniar handiaren bizitzan oinarritutako pelikula; Everest mendiaren gailurrera iritsi zen lehen emakumea izan zen Tabei.