Hari lanak

Duela mila urte lehen aldiz izendatua izan zen lur honetan, gure Gipuzkoa —garaian, Ipuskoa— zaharrean, hari lanetan maisurik izan bada, hori Cristobal Balentziaga jostun getariarra izan da. Amaren ofizioaren erruz gaztetatik oihal eta zuntzen munduarekin erabat trebatuta, kolore biko adreiluek janzten duten Aldamar Jauregia udaro bizileku izaten zuten markesen atentzioa deitu zuen herriko jostunaren seme sutsuki interesatuak. Ume hark moda zuen maite, diseinua bokazio eta orratza, erreminta. Urteen poderioz, XX. mendeko sastrerik entzutetsuena bere jaioterrian etxe propioa izatera iritsiko zen, arestian aipaturiko XIX. mendeko etxe palaziotsuaren altzoan: Cristobal Balentziaga museoa, bart arratsean hariekin trebatzen den beste artista baten azken proposamena jaso zuena bere baitan. Sokekin —bada eta, haria jantziteriari uztea nahiago duenik— abilezia erabatekoa zuen beste gipuzkoar bat ere badatorkit burura. Harpa jolea, bera: Nicanor Zabaleta donostiarra. Harilka ditzagun, beraz, puntadaz puntada atzoko soinekoaren patroiak.
Doodem izeneko proiektu musikala taularatu ziguten Eñaut Zubizarreta —Trigger izen artistikoz ere ezaguna— biolontxelo jotzaileak, Jose Gallego saxofonistak eta Miren Lizeaga dantzariak. Zubizarretaren proiektu pertsonala izanik, berak hartu zuen bere gain kontakizun artistikoaren zamarik nabariena. Sorterritik ihesi, bizitza hobe baten bila abiatzen den etorkinaren istorio tamalez larregi errepikatua kontatu guran nahasten dira emankizun honetan erritmo afrikarrak, euskal folklorearen trazak, dantza autoktono zein pauso berritzaileak. Oihana Iguaran bertsolariak idatzitako pasarte narratibo apartek josten dituzte biolontxelista aretxabaletarrak sortutako pieza desberdinak. Eszenaratze soil batek, foku guztia eskaintzen die Zubizarretak instrumentuarekin egiten duen lanari zein Lizeaga dantzariaren mugimenduei. Narratzailearen figura apartekoa bota izan zen atzokoan faltan, biolontxelo jotzaileak berak eginiko kontaketa traketsagoaren ordez. Interpreteak nahikoa lan bazuen bere tresnari zuku erabatekoa ateratzen. Bartzelonan ikasketak burutu ondotik, biolontxeloaren beraren aukeren peskiza etengabean dabil musikari gipuzkoarra. Nabari zaio iturri ugari dituela ongarri bere jakinduria musikalak. Perkusioaren presentzia ia jarraituak eta amaiera aldera oparitu zigun kutsu elektronikoko magma iradokitzaileak, baieztatu besterik ez zuten egin pertsona baten talentua sobera dela metro ugariko taula gain bat betetzeko.
Arras interesgarriak diren hitz aspertuak oparitzeko gai ere bada Hamabostaldia; are gehiago, estimulatzailea zaien programa batez gozatzeko autoa hartuz hiriburutik aldentzea axola ez zaion artaldearekin topo egiten duenean batek
Nabarmentzekoa, noski, Lizeagaren lana. Dantzaren eta dramaturgiaren arteko kinka ugaritan arriskutsu horretan sendo nabaritu nuen. Iradokiz, baieztatu beharrean. Artea irakastearen zailtasunez aritu ginen Balentziagaren etxe monumentalera sartzerako, atarian topatu nuen Xabier Obeso margolaria eta biok. Barkatuko dit aipatu izana, baina arras interesgarriak diren hitz aspertuak oparitzeko gai ere bada Hamabostaldia; are gehiago, estimulatzailea zaien programa batez gozatzeko autoa hartuz hiriburutik aldentzea axola ez zaion artaldearekin topo egiten duenean batek. Kursaalean nahi baino gehiagotan sumatzen den klixe soziala eta galazko joskintza alboratuz, benetan musikaz gozatzea maite duen jendartea, hain zuzen. Nioen iradokitzen aritu zela ederki gaueko dantzaria. Gallego saxofonista ere fin, bere presentzia txikiagoa izan zen arren. Eskertuko genukeen hirukote osoaren beste laginen bat.
Artea irakatsi baino gehiago ikasi egiten dela ondorioztatua genuen Obesok eta tekla zapaltzaile honek, Zubizarretak azken loop-ak itzali zituenerako. Museo bat, oihalen maisuak pentsatutako jantzi eta soineko zoragarriz jantzia hau, izan dezake batek eskola bikain, estetikaren goraldiaz zertxobait leitzeko. Edo begiratu dezake atarian museo aldera, estilo arkitektoniko kontrajarrien jarraipen paregabea nola burutua dagoen ikusiz. Ala hurbildu daiteke bat, oraindik perlarik distiratsuenak eskaintzeko dagoen Donostiako Musika Hamabostaldiaren armairu partikularrera. Aurkituko du tiraderetan zer jantzi, zer erantzi.