Langabezia tasa %6,8ra jaitsi da ekainean

Donostia Sustapenak, Lanbidek jasotako datuetan oinarrituta, ekaineko enplegu datuen txostena argitaratu du.
Lanbideren datuen arabera, ekainean, langabezi tasa %6,8ra jaitsi da, eta 2008tik izandako datu hoberenetakoetan sartzen da. Donostiak, EAEko beste hiriekin alderatuta, langabezia tasa baxuena du; esate baterako, Bilbok, %11,7 du eta, Gasteizek, berriz, %10,8.
Halaber, 2025eko bigarren hiruhilekoan sinatutako kontratuetan gorakada egon da, %10,5 igoerarekin. Hauen barnean, kontratu mugagabeak eta lanaldi osokoak areagotu dira. Ekainean, iazko ekainean baino 948 kontratu gehiago daude, eta maiatzean baino 1.375 gehiago. Gainera, kontratuen %57,89 35 urtez azpiko gazteei dagokie.
Erroldatutakoen %10,2k jatorri atzerritarra dute, eta pertsona hauen kontratazioa %20,6ra igo da urteko bigarren hiruhilekoan.
Ekonomia eta Tokiko Enplegu zinegotzi Ane Oyarbidek datuen azterketa egin du eta hauen hobekuntzaren atzean hainbat faktore daudela uste du, horietako bat “hiriaren zientziari eta ezagutzari lotutako balio handiko enpresekin ekosistema bat sortzearen aldeko apustua” da . Horregatik, besteak beste, “kalitatezko enplegua” sortzen da bere ustez.
Ezagutza Zerbitzu Intentsibo enpresek enplegu osoaren %3 dira eta honek kalitatezko enplegua sortzerako garaian “balio erantsi handiko sektoreekiko ikuspegiak hiriari egiturazko abantaila ematen diola” adierazi du zinegotziak. Bilbon eta Gasteizen, ordea, ez da %1era iristen.
Ildo horretan, Donostia Sustapenak egindako lana nabarmendu du: “Sustapenak urteotan talentua eta berrikuntza bultzatzeko programa eta proiektuekin egindako apustu iraunkorrak asko lagundu argazki honetan”.