Rekalde-Apeztegia eta Lizeaga-Bernaola, finalaurrekoetarako sailkatu dira

Antiguako Pilotazaleok elkarteak antolatutako 77. Antiguako Pilota Txapelketaren ligaxka amaitzear da, eta jada, datorren asteko finalerdietan ariko diren bi talde erabakita daude. Aurrez aurre izango dituztenak, aldiz, gaur bertan jakingo dira.
Promesetan, Joanes Cestau eta Intza Garañok finalerdietarako pasea eskuratu zuten atzo, Bingen Beitia eta Endika Galarza (Markel Calvoren ordez aritu zen) 22-20 garaituta. Cestau-Garaño taldeko lehen postuan amaitu dute ligaxka eta haiekin batera Oihan Etxeberria eta Mikel Leonet izango dira finalerdietan, taldeko bigarren sailkatu baitira.
Hutsegite askoko partida izan zen, Beitia-Galarza une erabakigarrietan aurretik ibili baziren ere, ez zuten alde handirik lortu. Gorriek, aldiz, hobera egin zuten une horietan eta markagailuaren partziala aldekoa izan zen. 21-18tik aurrera urdinak 21-20ra hurbildu ziren, aurkariei beldurra sartuz. Azkenean, ordea, Adunako aurrelariak erabaki zuen partida, irabaztea lortuz eta, bide batez, oiartzuar bikoteari ere bigarren gisa sailkatzen lagunduz.
Seniorren partidan, aldiz, Xabier Rekalde eta Unax Apeztegiak lehen postua lortu zuten, Eñaut Lizeaga eta Aingeru Bernaola 22-13 mendean hartuta. Azken hauek bigarren postuan sailkatu dira finalerdietara.
Hasieratik Rekalde-Apeztegia bikoteak izan zuen agintea, markagailuan aldea hartuz. Partidan haien menpe joan bazen ere, egindako akatsei esker bi tantora hurbildu ziren aurkariak. 10-8tik aurrera, azken partziala 12-5ekoa izan zen Rekalde-Apeztegiarentzat, azken tantoetan ere askoz gehiago nagusitu baitziren.