Udalaren garbiketa zerbitzuak 86 tona hondakin jaso ditu Aste Nagusian
Kopurua %1 hazi da iazkoarekin alderatuta, 85,2; baina aurreko urteetako kopuruen oso azpitik dago.

Aste Nagusiko garbiketa dispositibo bereziak 86.240 kilo hondakin bildu ditu guztira, iaz baino %1 gehiago (85.220 kg); baina aurreko urteetako zenbatekoen “oso azpitik”. Izan ere, 2019an, 119.000 kilotik gora izan ziren. Hiri mantentze eta Zerbitzuetako zinegotzi Carlos Garciaren esanetan, datu horrek berretsi egiten du jaietan sortutako hondakinen beheranzko joera, “herritarren kontzientziazioari, erabilera bakarreko ontzien erabileraren murrizketari eta hirian zabaldutako garbiketa eta birziklatze gailuen eraginkortasunari esker”.
Zenbait eremutan egindako hondakinen bilketako datuak ere eman ditu udalak.
- Saguesen, 4.420 kilo bildu dituzte, eta 2023an, berriz, 26.530 kg.
- Martutenen (aizkolarien egurra), 13.800 kilo, 2024an baino % 11 gutxiago.
- Alderdi Ederreko eta Kontxako suek, 2.960 kilo sortu zituzten, iaz baino % 40 gutxiago.
- Kaian soilik hazi da hondakin plastikoen kopurua, 1.020 kilotan, 2024an baino % 30 gehiago.
Aste Nagusiko garbiketa dispositibo bereziak 111 langile izan ditu, eta garbiketa makineria asko hedatu dute: biltzaileak, zisternak, ekortzeko makinak, baldekatzeko makinak, furgoiak eta desinfektatzeko ekipoak. Hamaika bidoi produktu desinfektatzaile baliatu dituzte hiriko gune beltz nagusietan usain txarrak kentzeko, hala nola, Parte Zaharra, Sagues, Pasealeku Berria, eta eliza eta kultur ekipamenduen inguruan.
Zinegotziaren ustez, datuek erakusten dute “posible dela ingurumenean inpaktu txikiagoa izango duten jai masiboez gozatzea” eta eskerrak eman dizkie garbiketa operatiboan parte hartu duten langile guztiei “hiria Aste Nagusiaz gozatzeko baldintza ezin hobeetan mantentzeko” egin duten ahaleginagatik. “Lan handiko egunak dira, eta aurten, gainera, tenperatura oso altuak izan dituzte, eta horrek lana zailtzen zuen batzuetan”, gaineratu du.