Erabakita daude Antiguako Pilota Txapelketako finalerdietako partaideak

Erabakita daude 77. Antiguako Pilota Txapelketako finalerdietako partaideak. Antiguako frontoian atzo jokatu zituzten B multzoko partidak eta bezperan A multzotik sailkatu zirenei batu zitzaizkien.
Promesen arteko partidan, B multzoko bigarren postua zuten jokoan. Harkaitz Murua eta Endika Santestebanek eskuratu zuten finalerdietarako txartela, Unax Ramirez eta Eneko Beloki 22-10 mendean hartuta. Hasieratik nagusitu ziren, argiago jokatuz, eta aurkariek apenas sortu zuten aukerarik, markagailuan aldea gero eta zabalagoa eginez.
Seniorretan, berriz, Beñat Apezetxea eta Carmelo Lozak garaipena lortu zuten Beñat Zubizarreta eta Unax Landaren aurka, 22-20. Aurtengo txapelketan ikusitako partidarik onena izan zen. Erritmo handikoa eta markagailuak borroka eta zirrara agerian utzi zituen. Une erabakigarriak izan ziren amaiera aldera: Zubizarretaren sake falta bat 16-15, aurkariei aurre hartzeko balio izan ziena; eta ondoren, Zubizarreta-Landa 20-19 aurretik zirela, Apezetxea-Lozak hiru tanto jarraian egin eta garaipena eskuratu zuten. Ondorioz, B Multzoko lehen postuan sailkatu dira, eta Zubizarreta-Landa, aldiz, kanpoan geratu dira. Hortaz, Jorge Fernandez eta Julen Sotil finalerdian izango dira, ligaxkako bigarren postua eskuratu ondoren.
FINALERDIETAKO PARTIDAK
Promesetan:
Cestau-Garaño / Murua-Santesteban
Ibarluzea-Canseco / O.Etxeberria-Leonet
Seniorretan:
Rekalde-Apeztegia / Fernández-Sotil
Apezetxea-Loza / Lizeaga-Bernaola