Kontxako aparkalekuko erabiltzaileek segurtasun falta salatu dute

Kontxako aparkalekuko laugarren eta bosgarren solairuetako 200 erabiltzailetik gora batu dira azpiegituraren egoera eta segurtasun falta salatzeko. Hala ezagutarazi dute gertakarien berri emateko komunikabideei helarazitako idatzi batean. Bertan adierazi dutenez, “nazkatuta” daude segurtasun eta mantenu kontuetan udalaren eta Kontxa SA emakidadun enpresaren “utzikeriarekin”.
Salatu dutenez, azken hilabeteetan ehundik gora gertakari jazo dira, besteak beste, lapurretak, autoen kristalak puskatzea, kotxe barruan edo kanpoan lo dauden pertsonak egotea edota erasoak. “Ez gara gure aparkalekuetara bakarrik jaisten ausartzen. Zaintza eta segurtasun funtzioetan emakidadun enpresaren utzikeria erabatekoa da, zaintzarik ez dago eta indartsuenaren legearen pean gaude”.
Gogoratu dutenez, kontzesioaren balditzek enpresa behartzen dute “azpiegituraren eta aparkalekuen zaintzari arreta berezia ematera” eta zerbitzua beharrezko neurriekin hornitzera segurtasun baldintzak bete eta eraginkorrak izan daitezen, “erabiltzaileari edozein traba, arrisku edo luzatze eragotziz”. Are gehiago, emakidaren baldintzen 71. artikuluak “arau-hauste oso larritzat” jotzen duela kontzesioaren oinarrizko betebeharrak ez betetzea, eta 73. artikuluak horrek udalari aukera ematen diola emakida iraungitzeko.
Egoera horren aurrean, Kontxako aparkalekuaren erabiltzaileek elkartea eratzeko izapideak abiatu dituzte eta berehalako neurriak eskatu. Irtenbideen artean, laugarren eta bosgarren solairuen “bunkerizazioa”, 2017an udalak eta enpresak adostutako egoiliarrek soilik erabiltzeko sarrera, segurtasun pribatua eta sarbidearen kontrol zorrotzagoa eskatu dituzte. Argi dute ez direla isilduko: “ez dugu ezbehar pertsonalik deitoratu nahi, daramagun hondatze-erritmoan berandu baino lehen gertatuko baitira” eta egoera publiko egin dute “inork ezjakintasuna alega ez dezan” eta bai enpresak bai udalak erantzukizuna bere gain har dezaten. Udalak entzun egingo diela agindu badie ere, aurreratu dutenez, erantzunik jaso ezean, irailaren 15ean bilera egingo dute presio neurri berriak aztertzeko. “Hemendik aurrera sortzen den edozein arazo larri zuei egokituko zaizue, ezin duzue ezjakintasuna alegatu eta beste alde batera begiratu”.