Ondarretako harriak kenduko dituzte datorren astean
Marea biziak aprobetxatuz, astelehen eta astearteko gauetan ekingo diete lanei.

Baldintza meteorologikoak eta itsasoarenak egokiak badira, astelehenean eta asteartean, hilak 25 eta 26, Ondarretako hareatzatik harriak kentzeko lanak martxan jarriko ditu udalak. Hala, marea biziak aprobetxatuko dituzte eta bilketa gauez egingo dutenez, hondartzako erabiltzaileei ez diete eragozpenik eragingo. Asmoa ahalik eta harri gehien kentzea da, azken asteetan berriro agertu baitira.
Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zinegotzi Carlos Garciak jakinarazi duenez, Aranzadirekin eta harriak kentzeaz arduratzen den enpresarekin aurreikusitako plangintzaren barruan, 01:04etako itsasbehera gertatu baino hiru ordu lehenago ekingo diote lanei eta hura gertatu eta hiru ordutara arte ariko dira, dispositiboari ahalik eta etekin handiena ateratzeko. Atzerako hondeamakina bat eta hiru kamioik parte hartuko dute bilketan. Hurrengo gauean, plangintza bera jarraituko dute, baita irailaren 8an eta 9an ere, marea biziak berriro izango direla baliatuko baitute lanak errepikatzeko.
Kamioiek bildutako harriak Astigarragako Ekotrade instalazioan tratatuko dituzte eta eramandako hondarra, garbitu ondoren, hondartzara bueltatuko dute. Harri horiek hondartzan izandako antzinako eraikuntzetatik datoz eta mareek eragindako hondar mugimenduek agerrarazten dituzte. “Urteak daramatzagu azalekoenetako harriak kentzen, baina oraindik ere agertzen dira sakonera handienean dauden eta kentzea kostatzen diren krisketak”, azaldu du Garciak. Kalkuluen arabera, 14.600 bat metro kubiko harri daude Ondarretan, eta horietatik, 10.000 bat metro kubiko kendu dituzte.