Realeko belar hockey taldea forma hartzen ari da

Belar hockeyko emakumeen Espainiako Liga irailaren erdialdean hasiko da, eta Reala bere taldeari forma ematen ari da asteotan, jokalari berri batzuen iritsierekin eta beste batzuen kontratuen berritzeekin.
Hain zuzen ere, bi jokalari berriren iritsierak iragarri ditu momentuz. Alde batetik, Gianella Palet argentinarra klub txuri-urdinera itzuli da, denboraldi batez kanpoan jokatu ostean. Bestetik, Domenica Ananias txiletarra fitxatu du Realak, taldea indartzeko.
Horrez gain, jokalari hauen kontratuak berritu ditu orain arte klub donostiarrak: Luciana Molinarena eta Federica Cartarena hurrengo bi denboraldietarako eta Lara Pampinena denboraldi baterako.
Hala ere, oraindik aste batzuk gelditzen dira liga hasteko, eta ziur fitxaketa edo kontratu berritze gehiago iragarriko dituela klubak asteotan. Azken denboraldia irregularra izan zen txuri-urdinentzat, eta sailkapenaren erdialdean amaitu zuten liga, zazpigarren postuan. Emaitza hobeak lortzea izango dute helburu 2025-2026ko denboraldian.