Xabier Mikel Azparren donostiarra, Espainiako Vueltan parte hartuko duten hiru euskal herritarretako bat

Txirrindulari euskal herritar gutxi izango ditu larunbat honetan (hilak 23) hasiko den Espainiako Vueltak, eta horietako bat da Xabier Mikel Azparren donostiarra. Azken urteotako parte hartze euskal herritar txikiena izango duen Vuelta izango da, Azparrenez gain, Mikel Landa (Soudal) eta Markel Beloki (EF) arabarrak izango baitira beste bi parte hartzaileak. Guztira, 184 txirrindulari lehiatuko dira Vueltan.
Q36.5 Pro Cycling Team talde suitzarraren txirrindularietako bat izango da Azparren, Marcel Camprubi, Fabio Christen, David de la Cruz, David Gonzalez, Damien Howson, Tom Pidcock eta Nick Zukowskyrekin batera. Azparrenek ez zuen Frantziako Tourrean parte hartu, baina bai txirrindularitza denboraldiko beste proba handian, Italiako Giroan, erlojupekoan hamargarren postua eskuratuz. Giroaren ondoren, hedabide honek elkarrizketa egin zion Azparreni; hemen irakur dezakezue.
Espainiako Vueltak 90 urte beteko ditu aurten eta larunbatean hasiko da, Italian. Guztira, 21 jardunaldi izango ditu, eta irailaren 14an bukatuko da, Madrilen. Lehenengo lau jardunaldiak Italiako errepideetatik izango dira eta laugarrena Frantziako Voiron herrian amaituko dute. Bosgarren jardunalditik aurrera ibiliko dira Espainiako Estatuan barrena, seigarren eta zazpigarren jardunaldietan Andorratik pasatuz. Bi etapatan pasatuko dira Euskal Herritik: hamargarrena Sendavivan hasi eta Larran bukatuko dute (Nafarroa) eta hamaikagarrena Bilbon hasi eta bukatuko dute (Bizkaia).