Bi gehi hiru, bost

Iker Garcia Barrenetxea (Donostia, 1979) Arte Ederrak ikasten hasi zen, baina 21 urterekin Londresera joateko erabakia hartu zuen eta, bertan, hamazazpi urte pasatu zituen. Londresen estimulu eta aukera handiak izan zituen, pertsonalki eta artistikoki. Duela zortzi urte Donostiara itzuli zen, baina beste herrialde batzuetan erakusketak ditu baita ere, adibidez, Danimarkan edo Frantzian.
Orain, Lau Bider izeneko jaialdian, beste hiru artistekin batera, Garciak bere obra batzuk erakutsi ditu Loiolan. Bakoitzak bere espazioa du: Miguel Balliachek Egian, Paul Birdek Tabakaleran eta Arteupartek Grosen. “Mapa” honen bidez, “bakarrik baino soinu gehiago” atera dezakete lau artistek. Lau jardunaldi, beraz, lau lekuetan.
Euskalifornia lokalean, Garciaren koadroen aukeraketa ikus daiteke. Erakusketa honek ez du izenbururik, eta urteetan zehar sortu dituen obrak dira. Zuri-beltzean marraztuta daude obra guztiak, bat izan ezik: Donald Trump protagonista duen Fake News. Hau, gainera, digitala da. Bertan aurkitu daiteken bakarra. Digitalean margotzen duenean, mugikorreko eta tabletako Notes aplikazioarekin egiten du, soilik.
Bere sormenetan koherentzia bilatzen du. Trumpen obra, adibidez, “testuinguru batean ulertu behar da”. Euskalifornia hanburgesategi bat da, rock diskoak ditu, hortaz, leku “kañeroa” da, Garciaren ustez. Estetikoki eta esanahi aldetik leku aproposa iruditu zitzaion eta, horregatik, bertan ipini zuen.
Hala ere, bere obrei ez dizkie etiketak jarri nahi eta, horregatik, ez ditu estilo zehatz batean sailkatzen. Baina Street art, El Roto eta bestelakoak dira bere erreferenteak.
Zuri-beltzean aukeratutako obrak bigarren begirada behar dute, Garciaren ustez: “Ez dute azalpenik behar, baina horiek behatzean segituan konturatuko zara hauen atzean zerbait gehiago dagoela”. Gainera, 2010etik aurrera hasi zen izenburuekin jolasten, obrei zentzu berria emanez.
Berak ez du “errepikakorra den formula batean erori nahi”. Ez du bat gehi bi beti hiru izatea nahi. Bere obra batzuek testuinguru bati erantzuten diote, bestela “jendeak ulertuko ez dituela” pentsatzen du berak. Horretarako, umorea eta kulturan dauden gertaerak erabiltzen ditu.
Garciak margotu egiten du, baita ere. Donostia, luz que huele a mar erakusketan, hiriko hainbat paisaia margotu zituen. Bere artista bizitza “faseka” doa. Hurrengo hilabeteetan, adibidez, hainbat hitzaldi eta klase eskainiko ditu. Bere erakusketa irailaren 1era arte egongo da ikusgai Euskalifornian.










