Garaipen batekin egin nahi du etxeko estreinaldia Realak

Liga Valentziaren etxean berdinduta hasi ostean, garaipenaren bidea hartu nahi du Realak asteburu honetan etxean, Anoetan. Espanyol talde katalana izango du aurkari igandean, hilaren 24an, 19:30ean.
Sergio Francisco entrenatzaileak estadio txuri-urdinean gidatuko duen lehenengo partida izango da. Ia ziurra da Gorrotxategi baja izango dela neurketa horretarako, minduta jarraitzen baitu, baina, printzipioz, gainontzeko jokalariekin kontatu ahal izango du Franciscok, tartean Guedes eta Guedes eta Caleta-Car fitxatu berriak. Taldea, hala ere, oraindik ez dago guztiz itxita, Carlos Fernandezen irteeraren ondoren, gutxienez beste jokalari hauen irteerak espero baitira: Javi Lopez, Umar Sadiq, Alvaro Odriozola, Sheraldo Becker eta Jon Pacheco.
Reala B, bigarrenaren bila
Lehen taldeak ez ezik, bigarrenak ere jokatuko du igandean. Bigarren mailara itzuli da aurten Jon Ansotegik zuzendutako taldea, eta garaipen batekin hasi zuen denboraldia joan den astean, etxean Zaragozari irabazita. Igande honetan, Malagaren etxean jokatuko dute harrobiko mutilek, 21:30ean, bigarren garaipena jarraian eskuratzeko helburuarekin.