Hamasei 'perla' aurtengo Zinemaldian

73. Zinemaldiko Perlak sailean hamasei film lehiatuko dira Donostia Hiria publikoaren saria eskuratzeko. Olivier Assayas, Noah Baumbach, Kaouther Ben Hania, Yorgos Lanthimos, Richard Linklater, Kleber Mendonça Filho, François Ozon, Hlynur Pálmason, Jafar Panahi, Raoul Peck, Paolo Sorrentino, Joachim Trier eta Rebecca Zlotowskiren film luze berriekin batera, Guillermo Galoe, Hasan Hadi eta Maïlys Vallade eta Liane-Cho Hanen lehen lanek hartuko dute parte sailean.
Cannesen estreinatu ondoren, Richar Linklater (Houston, 1960) zinemagilearen Nouvelle Vague filmarekin hasiko dute Perlak saila. Frantziako zinema korronte ospetsuari eta 1959an Jean-Luc Godard-en À bout de souffle filmaren ekoizpenari egindako omenaldia da. Besteak beste, estatubatuarrak Before Sunrise, Before Sunset eta Before Midnight trilogia ospetsua zuzendu du, baita Dazed and Confused, Waking Life, Very Funny Things edota Boyhood ere. Azken horrek Fipresci saria jaso zuen Donostian eta zuzendari onenaren Zilarrezko Hartza ere Berlinalen.
Amaitu, berriz, Rebecca Zlotowskiren (Paris, 1980) Vie privée / A Private Life filmak. Cannesen lehiaz kanpo programatu zuten lanean bere pazienteetako baten heriotza ikertzen duen psikiatra baten papera jokatuko du Jodie Fosterrek. Zinemagilearen aurreko filmak Cannes eta Veneziako jaialdietan erakutsi ditu, eta Mostrako sail ofizialean lehiatu zen Les enfants des autres (2022) filmarekin. Iaz Zinemaldiko Sail Ofiziala inauguratu zuen Emmanuelle (Audrey Diwan, 2024) lanaren gidoigilea ere bada.
Olivier Assayasen (Paris, 1955) Le mage du Kremlin / The Wizard of Kremlin lan berriak Paul Dano, Jude Law, Alicia Vikander, Jeffrey Wright eta Tom Sturridge ditu protagonista. Artista eta telebista ekoizle gazte bat Vladimir Putinen aholkulari nola bihurtu zen kontatzen du. Sari ugari jaso ditu bere filmekin, esaterako, zuzendari onenaren saria Cannesen Personal Shopper (2016) eta hainbatetan parte hartu du Zinemaldian.
Noah Baumbachen (New York, 1969) Jay Kelly ere lehiatuko da Venezian. Bertan, George Clooney krisi pertsonala bizi duen zinema izar handi baten azalean jarriko da, eta Adam Sandler, Laura Dern, Billy Crudup, Riley Keough, Eve Hewson, Greta Gerwig, Alba Rohrwacher eta Emily Mortimer izango ditu alboan. Egilearen pelikulak hainbat jaialditan lehiatu izan dira, hala nola, Venezia, Sundance, Cannes eta Berlin.
Kaother Ben Hania tunisiarra (Sidi Bouzid, 1977) Donostiara itzuliko da Veneziako lehiaketa ofizialean programatutako The Voice of Hind Rajab filmarekin. 2024an Israelgo armadaren eraso batean familiarekin batera eraildako sei urteko neskato gazatar baten benetako kasuan oinarritutako fikzioa da. Nazioarteko film onenaren Oscar sarirako izendatua izan zen Ben Haniaren The Man Who Sold His Skin (2020) filma, eta film luze dokumental onenerako, berriz, Les filles d’Olfa / Four Daugthers (2023), l’Œil d’Or saria irabazi ondoren Cannesen.
Guillermo Galoek (Madril, 1986) Prix SACD saria irabazi zuen, Cannesko Semaine de la Critique atalean, Ciudad sin sueño / Sleepless City bere lehen film luzearekin. Madrilgo Cañada Real auzoan antzezle ez-profesionalekin filmatu du, eta agertoki horretan bertan eta pertsonaia berberekin errodatu zuen Aunque es de noche (2023) Cannesko film laburren hautaketa ofizialean bildua eta Zabaltegi-Tabakaleran programatua.
Lehen lan onenaren Urrezko Kamera eta Quinzaine de Cinéastes ataleko Publikoaren Saria eskuratu zituen Cannesen Mamlaket al-Qasab / The President’s Cake filmak. Neskato protagonistak Sadam Huseein presidentearen urtebetetze ospakizunerako derrigorrezko tarta prestatzeko buru argitasunez jokatu beharko du, zigor latza pairatu nahi ez badu. Hasan Hadi (Bagdag, 1990) kazetari, ekoizle eta NYUko zinema irakasle laguntzaileak idatzi eta zuzendu du lana.
Venezian Urrezko Lehoia eskuratzeko lehiatuko dira Yorgos Lanthimos (Atenas, 1973) eta François Ozon (Paris, 1967). Greziarrak Bugonia komedia beltza dakar, Emma Stone aktore eta ekoizlearekin burutu duen kolaborazio berria, Jesse Plemons eta Aidan Delbis ditu protagonista. Zuzendariak sari ugari jaso ditu, esaterako, Poor Things pelikulak (2023) Veneziako Urrezko Lehoia, lau Oscar eta Donostiako Fipresci saria eskuratu zituen. Frantziarrak, berriz, L’Étranger / The Stranger Albert Camus idazlearen izen bereko eleberriaren egokitzapena ekarriko du oraingoan. Ozonek Urrezko Maskorra eta Gidoi Onenaren Saria irabazi zituen Donostian Dans la maison (2012) filmarekin, eta lehiatu direnez gain, bere lanak ikusgai izan dira Perlak, Zabaltegi eta Kontrauhina edo Incorrect@s atzerabegirakoetan.
Jafar Panahi iraniarrak (Mianeh,1960) Cannesen Urrezko Palma beretu zuen Un simple accident / It Was Just an Accident lanarekin. Filmaren abiapuntua aurreikusi ezinezko ondorioak izango dituen gorabehera txiki bat izango da. Bere ibilbideak sari ugari erdietsi ditu, Venezia, Cannes, Berlin eta Donostian zuzendari eta gidoilari gida.
Raoul Peck haitiarrak (Port-au-Prince, 1953) Zuzendari Berrien sailean parte hartu zuen Haitian Corner (1988) lanarekin. Orain, Perlak sailean erakutsiko du Orwell: 2+2=5, George Orwellen ikuspegi profetikoari buruzko ez-fikziozko lana. Cannes Première atalean estreinatu zuen. Zinemagilea goi-mailako hainbat jaialditan lehiatu izan da, hala nola, Cannes eta Berlin, eta I Am Not Your Negro (2017) lanekin, dokumental onenaren BAFTA eta Cesar sariak irabazi zituen, Oscar sarirako izendatua izateaz gainera.
Paolo Sorrentino (Napoli, 1970) Perlak sailera itzuliko da aurten Veneziako Mostra inauguratuko duen La Grazia filmarekin. Italian girotutako maitasun-istorio gisa definitzen du napolitarrak. Hainbatetan lehiatu da Cannesen eta Venezian, baita Donostian ere. È stata la mano di Dio (2021) pelikularekin Zinemaldiko Hizketaldiak programan parte hartu zuen eta Parthenope lanarekin, iaz, Perlak sailean.
Maïlys Valladeren (Châtenay-Malabry, 1985) eta Liane-Cho Hanen (Paris, 1983) lehen lana da Amélie et la métaphysique des tubes / Little Amélie or the Character of Rain (Little Amélie). Emanaldi berezi gisa aurkeztu zuten Cannesko hautaketa ofizialean, eta Publikoaren Saria eraman zuen Annecyko animaziozko zinemaren jaialdian. Filma Métaphysique des tubes (2000) eleberriaren egokitzapen librea da; Amelie Nothomb idazle belgikarrak Japonian igarotako bere haurtzaroa deskribatzen zuen liburuan.
Joachim Trierrek (Kopenhage, 1974) Epaimahaiaren Sari Nagusia beretu zuen Cannesen Affeksjonverdi / Sentimental Value obrarekin; Renate Reinsve eta Stellan Skarsgård protagonista dituen familiaren esplorazioa. Danimarkarra beste batzuetan ere lehiatu izan da Cannesko lehiaketa ofizialean, eta zinema jaialdi frantsesean estreinatu zuen, halaber, Louder Than Bombs (2015) eta Verdens verste menneske (2021), jatorrizko gidoi eta nazioarteko film onenen Oscar sarietarako izendatua eta Europako film onenaren Goya sariaren irabazlea.
Nabarmentzekoa da Hlynur Palmason (Hornafjörður, 1984) zinemagile eta artista islandiarra. Izan ere, Cannesen parte hartu zuen Ástin sem eftir er / The Love That Remains filmaz gain, Zabaltegi-Tabakalera sailean Johanna af örk / Joan of Arc lanaren mundu-estreinaldia egingo du eta Tabakaleran bakarkako erakusketa bat ikusgai du irailaren 28a arte.
Perlak saileko film guztiak ikusleen saria jasotzeko lehiatuko dira. Donostia Hiria Publikoaren Saria saileko film bakoitzaren lehendabiziko emanaldi publikoan diren ikusleek emango dute. Bi aintzatespen ditu: Film Onenaren saria, 50.000 eurokoa, eta Europako Film Onenaren saria, 20.000 eurokoa.