Ligako garaipena ixteko asteburua dauka aurretik Donostia Arraun Lagunak-ek

Pasa den asteburuan Zarautzen garaipen bikoitza erdietsi ostean, Euskotren liga ia irabazita dauka Donostia Arraun Lagunak-ek, baina azken bi jardunaldiak ditu aurretik oraindik: Ondarroakoa (Bizkaia) larunbatean eta Getariakoa igandean. Hilaren 23ko estropada 17:25ean abiatuko da eta 24koa 11:20ean.
Ondo bidean, Ondarroan bertan utzi dezakete itxita liga Lugañenea traineruko arraunlariek, gauzak ondo eginda. Hala bada, igandetik aurrera Kontxako Banderan pentsatzen jarri daiteke talde donostiarra, ate joka dago eta. Aurten, gainera, lehenengo aldiz, plaza ziurtatuta dauka Donostia Arraun Lagunak-ek, eta Donostiarra izango da sailkatze estropadan lehiatu beharko dena.
Donostiarrari dagokionez, ligako zazpigarren postuan dago, eta ETE ligara ez jaisteko kanporaketetarako plaza ziurtatzea du helburu nagusi. Goranzko joeran dago trainerua azkenaldian, eta gogor lehiatuko da maila gorenean mantentzeko.
Mutilak, bigarren postuaren bila
Gizonezkoen Eusko Label ligako traineruak ere Ondarroan eta Getarian lehiatuko dira larunbatean (18:21) eta igandean (12:21), hurrenez hurren. Donostiarra ez da lan makala egiten ari asteotan, eta sailkapeneko hirugarren postuan dago. Orio liderra urruti dauka Donostiako taldeak, baina hiru puntura dauka Zierbena bigarren sailkatua, sei jardunaldiren eta kanporaketen faltan. Ondo lan eginez gero, beraz, Zierbena gainditzeko aukera errealak ditu Donostiarrak, ligako bigarren postua eskuratuz.