Euskotren liga Donostia Arraun Lagunak-ena da

Estropada baten faltan, Euskotren ligako irabazlea erabakita dago: Donostia Arraun Lagunak, laugarrenez. Ondarroako Bandera irabazi dute larunbat arratsaldean Juan Mari Etxaberen arraunlariek, 10:49,76 minutuko denbora eginda. Emaitza horri esker, Donostiako taldeak matematikoki irabazi du liga dagoeneko, estropada baten faltan; bihar jokatuko dute azken jardunaldia, Getarian.
Tolosaldearekin lehia bizian aritu da Lugañenea ontzia Ondarroan, baina, azkenean, 0,44 segundo lehenago helmugaratu dira Donostiakoak. 113 punturekin irabazi dute liga, hamabost estropadetatik hamabi irabazita. 2021etik hona, soilik 2022an gelditu da Donostia Arraun Lagunak liga irabazi gabe. Orain, ate joka dagoen Kontxako Banderan pentsatzen jarriko dira, denboraldi honetan ere garaipen bikoitza lortzeko.
Donostiarrari dagokionez, seigarren izan da Ondarroan, 11:05,12 minutuko denbora eginda eta Hondarribiaren gainetik geldituta, jaitsiera zuzena ekiditeko pauso garrantzitsua eginez.