'La misteriosa mirada del flamenco' filmak irabazi du Gehituk ematen duen Sebastiane Latino saria

Diego Cespedes zinemagile txiletarraren La misteriosa mirada del flamenco film luzeak —Horizontes Latinos sailari amaiera emango dionak—, irabazi du Gehituk (Euskal Herriko lesbiana, Gay transexual eta bisexualen elkarteak) ematen duen Sebastiane Latino saria. Epaimahaiak “Txileko mendeku eta fantasiazko road trip bati” eman dio saria, “maitatzeak ez lukeela inoiz zigorrik ekarri beharko gogorarazten diguna: ez zigor sozialik, ez Jainkoaren zigorrik”. Epaimahaiaren aktaren arabera, “film honi eman diogu saria ezagutzen ez dugunari diogun beldurrak eragindako gorrotoa, batzuetan enpatiaren eta maitasunaren gainetik ipintzen diogula erakusteagatik”.
LGBTIQA+ aldarrikapen eta balioen defentsa hobekien irudikatzen duen film luze latinoamerikarrari ematen zaio saria. Cespedesen filma beste lau finalistei gailendu zaie: Ato noturno (Marcio Reolon eta Filipe Matzembacher), Los inocentes (German Tejada), Llueve sobre Babel (Gala del Sol) eta Un mundo para mi (Alejandro Zuno).
Proiektu fasean zegoela, La misteriosa mirada del flamencok Ikusmira Berriak egonaldi programan parte hartu zuen 2020an, eta postprodukzioaren saria lortu zuen bertan. Aurten, Cannesko Un Certain Regard saria irabazi ondoren, Donostia Zinemaldiko Horizontes Latinos sailari amaiera emango dio. Diego Cespedesek Nest saria irabazi zuen El verano del leon electrico (2018) bere lehen film laburrarekin, eta bigarrenarekin –Las criaturas que se derriten bajo el sol (2022)– Cannesko Semaine de la Critique atalean parte hartu eta Zabaltegi-Tabakalera inauguratu zuen.