San Agustin eguna ospatuko dute ostegunean Artikutzan

Urteroko legez, Artikutzako herrian San Agustin eguna ospatuko dute ostegun honetan, hilaren 28an. Eremura ibilgailu motordunez sartzea mugatuta egoten da urte osoan zehar, baina San Agustin egunean ateak guztiz irekitzen ditu Donostiako Udalak, eta sarrera librea da.
Horrela, hainbat jarduera antolatu ditu udalak egun horretarako. Alde batetik, egun osoan zehar artisautza eta elikagaien erakusketa eta salmentarako postuak egongo dira, baita bi txosna ere, jaiaz gozatzera hurbiltzen diren guztiei janaria eta edaria emateko.
Bestetik, kirol ikuskizunak ez dira faltatuko 11:30ean, pilota partidak hasiko dira: Goiuri Zabaleta, Enara Gaminde, Itsaso Erasun eta Amaia Aldai lehiatuko dira emakumezkoetan, eta Oier Zabaleta, Manex Olaiz, Haiz Aranburu eta Axel Lasa gizonezkoetan. Bestalde, 17:00etan, herri kirolak hasiko dira: Iker Vicente eta Aratz Mugerza bikotea Mikel Larrañaga eta Ugaitz Mugerza bikotearen aurka arituko da aizkolari proban, eta Estefi Etxebeste, Goizeder Abendibar eta Beñat Telleria lehiatuko dira harri jasotzean.
Azkenik, 20:00etan, dantzaldia egingo dute, eguna borobiltzeko. “Ospakizun honek Artikutzak kultur gune eta naturarekin elkartzeko duen bokazio bikoitza berresten du, familia eta lagun taldeei kirola, tradizioa eta artisautza uztartzeko aukera ezin hobea eskainiz”, nabarmendu du udalak.