Trobadore trebatuak

Arrastaka doazen maleta andanak, gida turistikoek zeruratutako kolore anitzeko guardasolak. Oihal ajatuak, artaldearen brankako bandera. Elkarri lekua osten dioten toallak, harea ezin okupatuagoan. Mukuru jendea. Ez da ez urteko sasoirik ederrena agorrilarena Donostiara hurbiltzeko. Pausoak geldotzen dizkizun magma bat espaloi oro, hizkuntza sorta amaiezinean abesten den buila desatsegina. Bilatu behar ditu batek, bisitari segizioak irentsia izan nahi ez badu, oasi ezkutuak, postaletatik at dauden zokoak. Musika Hamabostaldiak, belarriei ez ezik, bistari ere egiten dizkio opari ederrak eta jende multzorik handienek kopatzen duten Parte Zahar tematikoaren altzoan aurkitzen den San Telmo museo apartean jarria zigun zita larunbat arratsean. XVI. mendean, fraide domingotarren kongregazio bat jaso zezan eraikitako komentua, eta zehatzago esanik, bere baitan hartzen duen klaustro errenazentista aparta, izan ziren trobadore eta juglareen besta antzinako honen lekuko.
Kontzertu ziklo mamitsuaren baitan burutzen diren ziklo txikiagoen artean, bada antzinako musika deituari bereziki eskaintzen zaion bat. Garaian, Santa Maria elizaren atzealdean kokatzen den Santa Teresa komentuan burutzen zen, zeina orain idazten ari den honek oraindik ezagutzen ez duen. Ziur udako egun jendetsuak baretzeko leku aproposa dela hura ere. Behin Abuztuaren 31a kaleko izkin batetik bestera pasatuta tradizio idatziaren antzinatik joak eta kantatuak ziren musikei so egiten dien kontzertu sorta, klaustroaren alde banatan kokatzen ditu ikusleak San Telmon burutzen den kontzertu orok. Larunbatekoa, zikloari itxiera emateaz arduratuko zen eta Gaztela zaharrean gertatuak kontatuko zizkigun Entrebescant talde gaztearen errezitala izan zen. Laukote bizi eta alaia berau. Hasi eta buka, inongo pausarik izango ez zuen bidaia interesgarri bat eskaini ziguten, XI. mendean barna. Cid Kanpeatzailearen desterrua garaiko melodia eta testuen joskerarekin maisuki taularatu zizkiguten gazteek, instrumentu historiko zenbait interpretatzen zituzten bitartean. Paper gutxi hemen, partiturez gaindiko sona.
Denetik egiten zuten guztiek. Aurkezpenak gauzatu, Ximena emaztearen eta Cid beraren paperak hezur-haragitu; zarrabetea, alboka eta gisako tramankulu bereziei eragin eta abar. Nabarmendu nahiko nuke gaueko musikarien polibalentzia hau, ez baita egunero topatzen testu guztiak buruz errezitatzeaz gain musikaren nondik norakoez arduratu behar duen jende prestua. Gaztetasuna sumatzen zitzaien taldekoei beraien arteko konplizitate samurrean eta proiektuarekiko nabari zitzaien atxikimenduan. Euskaldun bat ere bagenuen taula gainean, Alaia Belaunzaran oiartzuarra. Harpa txiki bat magalean zuela, musikaren zama harmonikoa dotore sostengatu zuen beronek. Perkusioaz arduratu zen Pablo F. Cantalapiedra ere zuzen, garaiko panderoak astinduz eta flauta joaz. Narrazioetan indar apur bat gehixeago eskertu izango genion, altzoan zituen emakumeek beraien pasarteetan erakutsitakoaren ildotik. Bea Peña zen zarrabetearekin oinarria jarriz aritu zena. Hau bai gogotsu eta dramatikoki aberats, Ximena errukiorra interpretatuz. Amaitzeko, lehen aurkezpenak burutzeaz gain, dikzio bikainez aritu zen Livia Cambrubi. Fidula izeneko biolin antigoalekoarekin melodikotasuna eta lirikotasuna eskaini zizkion erdi aroko ilunabar bereziari.
50 minuturen bueltan, amaitua zen Gaztelako lurretan burutarazi ziguten buelta. Guztia jarraian eta isilune erabatekoan kasik. Teknikariari berari hasi ez zitzaion ba, mugikorra saltoka. Ba al liteke. Ikasiko ote dugu, behingoagatik, errespetu keinu bat dela isiltasunarena, taularen beste aldean dagoen horrek kontzentrazio erabatekoa gura izaten duela. Jose Maria Sert margolariak margotutako mural itzelak ikusteko gogo betez gelditu zen honek gomendatzen dio Hamabostaldiari probestu dezala San Telmoko eliza bera ere kontzerturen bat edo beste egiteko, aparta baita lekua.