Donostia Sutan 1813 elkarteak sarraskia gogoratuko du larunbatean

Donostia Sutan 1813 elkarteak, hiriko beste eragile batzuekin batera, 1813ko sutean gertatutakoa gogoratzeko eta memoria historikoa berreskuratzeko zenbait ekitaldi aurrera eramango ditu aste honetan.
Ostegunean, hilak 28, bertso saio musikatua egingo dute Trinitate plazan, 19:00etan hasita —eguraldi txarrarekin Plaza Berrian—. Bertan, Unai Gaztelumendik emandako gaiei bertsoak jarriko dizkiete Beñat Gaztelumendi, Uxue Alberdi eta Aner Peritz bertsolariek, Beñat Antxustegik eta Eneko Sierrak jotako musikak lagunduta.
Larunbatean, hilak 30, berriz, ekitaldi nagusia gauzatuko dute: antzerki ibiltaria Parte Zaharreko kaleetan barrena. Donostia suntsitu aurreko uneak, abuztuaren 31ko sarraskia eta ondorengo egunak gainbegiratuko ditu. San Bizente elizatik abiatuko da, 20:00etan eta Plaza Berrian amaitu.
Igandean, hilak 31, 1813an gertatutakoari buruzko informazio panelak jarriko dituzte eta gai bereko aldizkariak banatu.
Azkenik, irailaren 5ean, Zuzi martxa egingo dute Abuztuaren 31 kalean, 20:00etan. Antolatzaileek azaldu dutenez, ekintza honen bidez gogorarazi nahi dute biztanleria zibila suntsitu ondoren, tropa ingelesek tropa frantsesei beren armamenduarekin erretiratzen utzi zietela, eta irailaren 19an, hiria erabat suntsituta eta kea zeriola, aurretik probintzia horrek errefusatu zuen Espainiako konstituzioa San Bizente elizan sinarazi zutela.
Antolatzaileek jakinarazi dute ekitaldi guztietan Israelen esku biztanleria palestinarra pairatzen ari den genozidioa aipatuko dutela. “Donostiak 1813an urtez urte salatzen dugun sarraski bat jasan zuen, eta bidezkoa iruditzen zaigu Palestinan jasaten ari diren sarraskia salatzea”.