220 harri eta harea tona erretiratu dituzte Ondarretatik, lehenengo gauean

Urtero egin ohi duen moduan, Donostiako Udala egunotako marea biziak aprobetxatzen ari da Ondarreta hondartzako harriak erretiratzeko. Guztira, hiru gauez arituko dira lan hori egiten, eta atzokoa izan zen lehenengoa, itsasbehera probestuz. Gaur gauean ere horretan arituko dira, baita irailaren 8tik 9rako gauean ere. Udalaren helburua da gaueko 100 eta 200 harri eta harea tona artean erretiratzea.
Carlos Garcia Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zinegotziak azaldu duenez, 220 harri eta harea tona erretiratu zituzten bart, 22:00etatik 04:00etara egindako lanetan. Horretarako, atzerako hondeamakina bat eta hiru kamioi erabili dituzte, eta, guztira, hamazazpi aldiz bete dituzte kamioiak. Erretiratutako guztia Astigarragako Ekotrade plantan tratatuko dute, eta harea garbia hondartzara itzuliko dute. Zinegotzia bera, Aranzadi Zientzia Elkarteko teknikari bat eta lanak gauzatzen ari den Serkom enpresako arduradun batzuk presente egon ziren lanetan, langileez gain.
Gogoratu behar da urte asko direla Ondarretan harriak agertzen direnetik. Garai batean bertan egondako eraikin zaharren hondakinak dira harri horiek, harearen azpian daudenak, baina itsasoaren joan-etorrien, olatuen eta askotariko baldintza meteorologikoen ondorioz azaleratzen direnak. Udalaren estimazioen arabera, 14.600 bat metro kubiko harri zeuden Ondarretan, eta horietatik, 10.000 bat metro kubiko kendu dituzte urteotan.