Ertzaintzak gizon bat atxilotu du hiriko zenbait hoteletan iruzurra egitea leporatuta

Ertzaintzak 26 urteko gizon bat atxilotu zuen joan den astean hiriko hainbat hoteletan iruzur egin eta dokumentuak faltsutzea leporatuta. Ostegunean, hiriko hotel baten arduradunek Ertzaintzari jakinarazi zioten bezero bate ordaintzeko txartel bat erabili zuela eta txartelaren jabeak eragiketa iruzurtzat jo zuela. Ertzainak bertaratu eta egiaztatu zuten susmagarriak hainbat zordunketa egin zituela, 884 bat eurokoak, zenbait kreditu txartel erabilita.
Atxilotuak txartel fisiko bat erabili gabe haien zenbakiak establezimenduko datafonoan zuzenean sartzen zituen. Poliziek jakin ahal izan zutenez, erabilitako txarteletako bi zenbakik Cartagenan eta Granadan aurkeztutako bi salaketarekin lotura dute. Txartelen jabeek salatu zutenez, smishing tekniken bidez —bankuko datuak hackeatzeko aukera ematen duten esteken bidez eskuratzea— engainatu zituzten, ustezko isun bat ordaintzeko esteka faltsu baten bidez, euren bankuko datuak sartu behar izan baitzituzten eragiketa egiteko.
Jardunbide berarekin, susmagarriak aurreko egunetan iruzurrezko zordunketa egin zituen ere hiriko beste hotel batzuetan. Ebidentzia horiekin susmagarria atxilotu zuten iruzur egitea eta dokumentuak faltsutzea leporatuta, faltsututako identifikazio-agiriak baitzeramatzan. Ertzain etxera eraman zuten zegozkion polizia eginbideak betetzera, ondoren agintaritza judizialaren eskuetan jartzeko.
Ertzaintzak ikerketarekin jarraitzen du atxilotuak hotel establezimenduetan iruzurrezko karguak egiteko erabili dituen banku txartelen zazpi zenbakiren jatorria argitzeko.