Meza, lore eskaintza, kanoi eta kanpai hotsak eta simulazioa, 1813ko abuztuaren 31 gogoratzeko
Abuztuaren 31ko jarduerez gain, hainbat jarduera paralelo prestatu dituzte.

Donostiako Udalak abuztuaren 31ko oroitzapenezko ekitaldien programa ofiziala aurkeztu du, eta igande honetan hainbat jarduera egingo dituzte 1813ko Donostiaren erreketa tragikoa gogorarazteko.
Jon Insausti Kultura zinegotziak nabarmendu duenez, “gogoratzeko, atzera begiratzeko eta garen horretan sakontzeko” aukera emango du aurten ere egun horrek. Zinegotziak hainbat eragilerekin batera aurkeztu du egitaraua; hain zuzen ere, bertan izan dira Jose Maria Leclercq historialaria, Jon Manterola Kanoietan elkarteko kidea eta Laida Otadui Santa Zezilia abesbatzako kidea. Leclercqek eta Manterolak gogorarazi dutenez, abuztuaren 31a ez da festa egun bat Donostian, “oroimen egun bat baizik”, eta hori argi izan behar dela nabarmendu dute.
Oroitzapen ekitaldiak
Ekitaldi nagusiak abuztuaren 31n egingo dira, ohiko jarduerekin. Hasteko, goizeko meza egingo dute, hiria hartu eta suntsitu zutenean hil zirenen omenez, eta amaitzeko, erreketa tragikoa antzeztuko dute.
• 11:30 Elizkizun nagusia Koruko Andre Maria basilikan.
• 12:45 Lore eskaintza Itxas atean (Portaletas).
• 17:00 Patiñako elkarteak Koruko Ama Birjinaren plazatik Zuloaga plazaraino hurbildu.
• 17:00 Kursaalaren eta Begiratokiko Bateriaren arteko kanoi hotsa. Ondoren, indar aliatuen hurbilketa Kursaaletik Zuloaga plazaraino.
• 18:00 Donostia 31 Kultur Taldearen esker ona Mugarik Gabeko Medikuei eta urteurreneko desfilearen irteera Zuloaga plazatik.
• 19:00 Minutu bateko isilunea Bulebarreko kioskoan eta hiriaren setioaren hasiera. Donostiako Antzinako Ereserkia joko dute.
• 21:00 Gazteluaren erasoa eta Donostiaren erreketa, Zuloaga plazan.
• 21:30 Hiriko sutearen simulazioa Apaizen pasealekuan eta Begiratokiko Baterian. Kanpai hotsak hiriko eliza desberdinetan eta Abuztuaren 31 kalean argiak itzali eta kandelak piztea. Zuzien argitan zeremonia paseoa egingo da San Bizente elizatik Santa Maria basilikaraino.
Ospakizunaren inguruko kultur jarduerak
Hilaren 31ko egitarauaz gain, aurreko egunetan gertaera historiko honekin zerikusia duten hainbat kultur jarduera egingo dituzte. Horrela, gaurtik hilaren 30era erakusketa irekia egingo da San Jeronimoko hitzaldi aretoan (Liburutegi Nagusia) 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara.
Bertan, 1813an erre aurretik hiria nola konfiguratu zuten azaltzen duten panelak, garai hartako jatorrizko gutunak eta dokumentazioa, erre aurreko eta ondorengo hiriko bideoak, hiriaren mapa zahar eta argitaragabeak eta 1813ko gerrari egindako The Siege of Saint Sebastian partitura ikusi ahal izango dira.
Egun horietan (29an izan ezik), aretoan bertan hainbat hitzaldi egingo dituzte aditu desberdinek, guztiak 19:00etan. Hilaren 29ko hitzaldia San Telmo Museoko areto batera eramango dute eta ordu berean izango da (19:00etan).
Omenaldiak
Gertaera historiko horren biktimak gogoratzeaz gain, egunean zehar euren egunerokotasunean hirian arrastoa utzi duten eragile eta pertsonen lana eta oroimena omenduko dituzte.
Horrela, arratsaldean egingo diren ekitaldietan, aurten Donostia 31 Kultur Taldeak, desfilea hasi aurretik, Mugarik Gabeko Medikuak omenduko du, egiten duten lan humanitarioa aitortzeko.
Horretaz gain, hil ondorengo omenaldia ere egingo zaio Odon Elorza Brauer Kursaal kasinoko marketin zuzendariari, “hiru hamarkada baino gehiagoan ekitaldi horiek antolatzeko baldintzarik gabe emandako laguntzagatik”. Bere familiak Iñigo Aristegi artistaren oroimenezko eskultura jasoko du.