Poesia Orduak errezitaldiak irailaren 8an eta 10ean izango dira aurten

Donostia Kulturak eta Euskal Idazleen Elkarteak antolatzen dituzten Poesia Orduak errezitalak irailaren 8an eta 10ean izango dira aurten. Errezitalak Viktoria Eugenia Klubean entzun ahal izango dira, 19:00etan.
Lehen saioa (hilak 8) Lurdes Iriondo, isilarazitako ahotsa izango da, eta Irati Odriozola Zugarramurdi eta Ainhoa Ansa Zugarramurdi kantariekin batera arituko da Jon Martin Etxebeste. Martin Lourdes Iriondo, Isilarasitako ahotsa (2024) liburuaren egilea da, eta egun horretan, testu irakurketa eta azalpenak emango ditu. Hori guztia omenaldi gisa, abeslaria hil zela hogei urte betetzen direnean.
Bigarren saioan (hilak 10) Itzalen tektonika emanaldia eskainiko dute. Izen bereko poesia liburutik abiatzen da, Susa argitaletxeak 2024an argitaratu zuena. Bilduma horretako poemak hartuta ikuskizun bat osatu dute Itxaro Bordak eta Joseba Irazoki musikariak. Bertan, hamalau edo hamabost testu inguru aurkeztuko dituzte elkarrekin, gaiak, erritmoak eta giroak proposatuz.
Gonbidapenak saio bakoitzaren egunean bertan, 11:30etik aurrera, eskuragai egongo dira Viktoria Eugenia antzokiaren webgunean eta antzokiko leihatilan. Kartela Maite Mutuberria ilustratzaileak egin du.