Antiguako Pilota Txapelketak baditu lehen finalistak
Kategoria bakoitzeko lehen finalaurrekoa jokatu zuten astearte arratsaldean Antiguako frontoian.Antiguako Pilota Txapelketa 77. Antiguako Pilota Txapelketa finalerako prestatzen ari da eta astearte arratsaldeko partiden ondoren, lehen finalistak erabakita daude. Emakumezkoetan, Maddalen Etxegarai eta Enara Gaminde; promesetan, Joanes Cestau eta Intza Garaño, eta elitean, Xabier Rekalde eta Unax Apeztegia.
Antiguako frontoian aurrera eramandako saioa emakumezkoen norgehiagokarekin hasi zuten. Bertan, Etxegarai-Gaminde bikoteak Aizane Ibarrola eta Olatz Ruiz de Larramendik osatutakoa mendean hartu zuten 22-20. Partida oso parekatua izan zen. Lehen zatian inor ez zen asko urrundu, nahiz eta uneren batean Ibarrola-Ruiz de Larramendi bikoteak alde polita lortu (15-10). Hala ere, Etxegarai-Gamindek zortzi puntu jarraian egin eta 18-15era heldu ziren aurretik. Hortik aurrera bukaera oso borrokatua izan zen, tanto gogorrak jokatuz zituzten eta garaipena garesti ordaindu zuten.
Promesetan, aldiz, Cestau-Garañok 22-21 irabazi zien Harkaitz Murua eta Endika Santestebani. Lehen zati berdindua izan bazen ere, Cestau-Garaño aurretik jarri zen, Murua-Santestebanen huts ugariak baliatua. Aurkariak aurreratu ostean, ordea, hobeto kokatu ziren kantxan eta markagailuan gainditzea lortu zuten. Amaieran, gorriek ere puntuak batu zituzten eta 18-18, 20-20 eta 21-21 izan ziren. Azken tantoan lau pilotariek erakustaldia eman bazuten ere, Cestau-Garaño bikoteak eskuratu zuen finalerako txartela
Elite mailan, Rekalde-Apeztegiak 22-13 irabazi zien Jorge Fernandez eta Julen Sotili. 3-3tik aldentzen hasi ziren gorriak, 9-4ra iritsi arte; orduan urdinek lehen aldiz atseden eskatu zuten. Hortik aurrera, oso ondo kokatuta aritu ziren gorriak tartea handitzen joan ziren: Rekaldek tantoak bukatzen eraginkortasuna erakutsiz eta Apeztegiak segurtasuna emanez. Hala ere, 18-7koarekin urdinek 6-1eko partziala egin eta lau tantora hurbiltzea lortu zuten, 13-19; baina hortxe amaitu zitzaien goranzko joera. Azken hiru tantoak Rekalde-Apeztegiak erdietsi zituen.


