Egoiliarren TAO bereizgarria nahitaezkoa izango da urriaren 1etik aurrera

Datorren astelehenean, irailaren 1ean, Donostiako Udala 17.000 bereizgarri baino gehiago bidaltzen hasiko da TAO guneetan aparkatzeko baimenduei eta mugikortasun murriztua duten pertsonei. Egoiliar baimena duten ibilgailuak identifikatzeko bereizgarria nahitaezkoa izango da urriaren 1etik aurrera, zaintza lanak errazte aldera, trafikoa eta aparkalekua salbuespenezko egoeretan arautu behar direnean.
Udalak hiriko lur gaineko aparkalekuak arautzeko sisteman ezarriko dituen aldaketen barruan kokatzen da berritasun hori. 2023an, bereizgarria kentzea erabaki zen, administrazio eragozpenak sortzen zituelako eta araututako eremuak beste baliabide batzuen bidez zaintzeko gaitasun teknikoa bazelako. Hala ere, neurria ebaluatu ondoren, udalak erabaki du bereizgarri hori erabiltzeak beste kontrol mota batzuk errazten dituela mugikortasun agenteek edo udaltzainek ibilgailuak azkar eta arin identifikatu behar dituzten egoeretan.
Bereizgarri berria
Hala, irailaren 1etik aurrera eta hilabete osoan zehar, egoiliarren TAOa duten 17.000 donostiarrek komunikazio pertsonalizatua jasoko dute etxean, eta horrekin batera helaraziko zaie txartel berria.
Ibilgailuan aurreko urteetako bereizgarriren bat jarrita badago, hura kendu egin beharko da eta itsasgarri berria ibilgailuaren haizetakoaren beheko eskuineko angeluan itsatsi, kanpotik erraz ikusteko moduan egon dadin, urriaren 1a baino lehen. Modu horretara, hiriko txartel guztien diseinua homogeneizatuko da, eta iruzurrezko erabilera saihestu.
Txartela jasotzeko arazorik izan ez dadin, baimena duen norbait sektore berean bizilekuz aldatu bada eta Mugikortasun atala horren jakitun egin ez badu, lehenbailehen jakinarazi beharko dio bere helbide berria zein den.
Bereizgarria jaso ezean edo beste edozein gorabeheraren aurrean, harremanetarako telefono bat eta posta elektroniko bat jarriko ditu udalak: 603-81 77 14 eta Tao_ota_donostia@eysaservicios.com.