Haur matxinada

Oihal gorrixka —karmin hautsak hartua, lits doratuz errematatua— igotzen den aldiro, zirrarak hartzen gaituenoi berezia zaigu beti teatro baten barruan sortzen den liturgia. Izan Arriaga, Gaiarre ala Viktoria Eugenia, fokuak itzaltzen diren aldiro sumatzen dugun emozioa beti da berbera. Bidaia bati ekiteari modukoa da, ilunpetan dagoena kolorez nola margotzen den begitantzea. Sarrera behin pasatuta, marmolezko eskaileretan gora doaz baten hankak, zer usna, zer sumatu. Besaulki patioan sartzerako, ikusia izaten duzu lehen ezaguna. Hango “aspaldiko”, “zenbat denbora elkar ikusi gabe” eta gisako esaldi hutsal eta ugaritan fundamentu askorik gabekoak. Zer nahi duzue ba, sozialetik ere badu antzokira hurbiltzeak. Deskantsu artean gertatzen dena axolarik ez zaion jendea ere esertzen baita belusdun aulkietan. Interesdun zein ganora bakoak, sosik gastatu nahi ez eta ia sabaitik zintzilik daudenak nahiz lehen lerroko paparreko orrazdun señora bitxi zaleak, guztiak laugarren paretari so. Demokratizatzailea da greziarrek beraien dramak taularatzeko sortu zuten foro partikularra. Kontatuko digutena jasotzeko prest guztiok; azken eztulen bat, azken putz iritsi denaren arnasestua. Ilunpera, has dadila emanaldia.
Behin ehunka urte dituen oihalak goia jo duenean, Easo Abesbatzak Donostiako Musika Hamabostaldiaren aurtengo ediziorako espresuki prestatutako Nizugu haur opera dugu zain. Badaramatzate jada zenbait edizio Easokoek lan hau burutzen. Gaurkoa, ordea, eta beraiek aurkezpenean azaldutakoari erreparatuz, zerotik sortutako testuz eta musikaz ontzen den lana da. Mihise zuriak berea duen krudeltasuna eta konplexutasuna kontuan hartuta, txalogarria iruditzen zait anbizioz beteriko proiektu hau altxatzeko erronkari heldu izana. Testua Marta Garciak sinatzen du, ohikoa zaion hizkuntzarekiko mimoa eta kontakizun konbentzionaletatik aldentzen diren istorioak sortzeko duen talentua mahai gainean jarriz. Oraingo honetan ere, hasiera-korapiloa-amaiera eskema ugaritan erabili eta sarritan estutik ihes egiten duen proposamena aurkeztu digu. Egunerokoarekin lotutako lau eszenatoki —ikasgela, patioa, etxea eta logela— aukeratu ditu Garciak umeen zein helduen gatazka errutinatsu bezain sakonei buelta berri bat emateko. Zertan hasi piraten barkuen eraso bortitzei ala galaxien arteko gerrei aipu egiten, bizi dugun egunerokoak berak orpoetan nahikoa harri jartzen badizkigu jada? Planteamendua eta elkarrizketak josteko modua bikaina iruditu zait, iaz bezala. Hizkuntzaren hautuarekin egin dut talka aurtengoan ere. Jesus Guridik duela hamarkada ugari euskara hutsean idatzitako Amaia opera izan bada egunotan entzungai, zergatik ezin da planteatu osorik euskara hutsean —azpidatzi itzulien laguntzaz, noski— estreinatuko den pieza garaikide bat? Bertakoa den ekoizpen batek ez badu hori bultzatzen, nork egingo du? Hamabostaldiaren moduko transatlantikoek badituzte erantzukizunak herriarekiko.
«Hizkuntzaren hautuarekin egin dut talka aurtengoan ere […]. Zergatik ezin da planteatu osorik euskara hutsean estreinatuko den pieza garaikide bat? Hamabostaldiaren moduko transatlantikoek badituzte erantzukizunak herriarekiko»
Musikaren alorrean, Iñaki Carcavilla aragoiar donostiartua izan da partiturak notez betetzeko ardura izan duena. Momentu zenbaitetan lengoaia aldetik, iazkoarekin alderatuz, aurrerapauso nabariak atzeman ditut. Eszenak lotzean, motiboari helduz egindako itsasgarri musikalak aipatuko nituzke, bestalde. Folklorearen mundua gustuko duela argi geratu zitzaigun pasa den urtean dantzatu zigun jotarekin, baina aurtengoan partituran bertan txertatu ditu zenbait aipu eta erreferentzia. Keinu andaluziarra, Guridiren beraren ezpata dantza ezaguna, tangoren bat ere bai. Collage heterogeneoa, alajaina. Hala ere, eskolan eserita agertu zaizkigun haurren lehen interbentzio indartsuaren eta narratzaileak, berak ezarritako marra imajinarioa hautsi duen momentuaren artean, intentsitatea galtzen joan da opera bera, nire ustetan. Lehen bi eszenetan azalduriko ideiak errepikatu nahiko balira bezala, pertsonaien gutxitzeak eta amaierako hausnarketa filosofikoegiak ez diote onik egin pintzaren eboluzio dramatikoari. Ez gaitezen ahaztu, haur opera baten gisan aurkeztu denaren aurrean geundela. Eta hona gogoeta: nola sortzen da haurrentzako produktu kultural interesgarri bat?
«Leitua diot Jose Ignazio Ansorenari pailazoak matxinoa behar duela izan. Kexu zen donostiarra egun haurrentzat burutzen den pedagogia merkeaz […], mundu ikuskera makillatu eta faltsu bat eskaintzen zaiolarik helduon mundua ulertzeko inongo arazorik ez duenari. Eta horretan asmatzen du, bai, Garciaren planteamenduak»
Leitua diot Jose Ignazio Ansorenari –eta honek haurrez badaki zertxobait– pailazoak matxinoa behar duela izan. Kexu zen donostiarra egun haurrentzat burutzen den pedagogia merkeaz, mundu ikuskera makillatu eta faltsu bat eskaintzen zaiolarik helduon mundua ulertzeko inongo arazorik ez duenari. Eta horretan asmatzen du, bai, Garciaren planteamenduak, zenbait hitz joko eta erreferentzia harrapatzeko haurrak gai izango ote diren galdetzen diodan arren neure buruari. Marmolezko eskailera ertzean, behin oihala bere lekura itzuli denean izan dugun hitz aspertuan horixe aipatu dugu. Zeinen zaila guztioi ongi datorkigun trajea jostea. Gainontzean, orkestraren lana goraipatuko nuke. Laguna eta musikari fina den Lucia Arzallusek bere artaldea zuzen eta neurriz gidatu du. Ez da erraza sortu berria den ensemble gazte batekin ordubeteko langa gainditzen duen materialari aurre egitea eta duintasunez zuloan operaren zimenduak jartzea. Jarrai ekinean, beraz.
Itzaltzen da, akaberan, argi eta soinu festa. Lits doratuek, hitz egingo balute zur eta lur utziko gintuzketen horiexek, lurra ukitzen dutenean, amaitua zaigu liturgia teatrala. Dramen eta komedien erreinua lozorroan da, parean jarriko zaizkion begi uholde berrien zain.