Hitzaldi bat, ibilaldiak eta lore eskaintza antolatu dituzte Oroimen Historikoaren Egunaren bueltan

Irailaren 13a da Donostiako Memoria Historikoaren Eguna, 1936ko egun horretan sartu zirelako tropa frankistak hirira. Egun horren bueltan, urteroko legez, hainbat oroitzapen ekitaldi antolatu ditu Donostiako Udaleko Giza Eskubideen Sailak, irailaren 6tik urriaren 4ra.
Alde batetik, Ione Zuloaga Muxika ikertzailearen hitzaldia antolatu dute irailaren 10erako, San Telmo museoan, 19:00etan. Emakumeen aurkako errepresio frankista gerra garaian eta ostean 1936-1945 izango da hitzaldiaren izenburua, euskaraz izango da eta sarrera doakoa izango da. Emakumeek Espainiako Bigarren Errepublikan izan zuten parte hartzea, gerran miliziano eta korrespontsal gisa izan zuten zeregina eta jasandako sexu errepresioa, espetxealdiak, tortura eta zehapen ekonomikoak izango ditu hizpide hitzaldian, baita Gipuzkoako eta Donostiako istorio pertsonalak berreskuratu ere, “gaia genero ikuspegitik ulertzen laguntzeko”, udalaren hitzetan.
Bestetik, Oroimenaren bidea ibilaldi antzeztuak antolatu dituzte, irailaren 6an, 13an (euskaraz) eta 27an eta urriaren 4an (euskaraz); egun bakoitzean bi ibilaldi egingo dituzte, 12:00etan eta 18:00etan, ordu eta erdikoak. “Bi aktorek gidatuta, donostiarrek 1936ko uztailaren 18tik hiria frankisten esku erori zen arte bizi izan zituzten gertaeretatik ibilbide bat egingo dute parte hartzaileek”, azaldu du udalak. Ibilaldi bakoitzean gehienez hogei lagun egon ahalko dira, eta, horregatik, plaza erreserbatu behar da, hemen.
Azkenik, irailaren 13an, 11:00etan, lore eskaintza ofiziala egingo dute Ijentea kaleko Dual eskulturaren aurrean: “Agintariek eta herritarrek omenaldia egingo diete frankismoaren biktimei, oroitzapen programari amaiera ematen dion ekitaldi solemne batean”.