Mugikortasun urriko pertsonak aintzat hartu ditu udal etxebizitza tasatuen ordenantza berriak

Donostiako Udalak behin betiko onartu du udal etxebizitza tasatuen ordenantza, Elkartu elkartearen alegazioa sartu ondoren. Horri esker, mugikortasun urriko pertsonak aintzat hartu dituzte, gizarte beharrizanei erantzuteko lehentasunezko kupoetako kide izan daitezkeenen artean. Ordenantza Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak argitaratuko du, indarrean sartzeko.
Udalak apirilean onartu zuen 2007ko udal ordenantza hau berritzeko proiektua. Batez ere, arau berriekin eta Etxebizitzaren Euskal Legearekin bat egiteko eguneratu behar izan du udalak. Aldaketa esanguratsuena da etxebizitzak banatzeko modua. Orain arte indarrean egon den ordenantzan zozketa erabiltzen zen, eta Etxebizitzaren Legearen arabera, adjudikazioak eskaeren baremazio baten bidez egin behar dira. Baremazio horretan puntuak banatzen dira familiaren diru sarreren, kide kopuruaren, antzinatasunaren eta bestelako baldintza pertsonal batzuen arabera; hala nola, desgaitasuna eta guraso bakarreko familiak.
Beste aldaketa bat da etxebizitzak azalera eskubidean edo jabetza osoan lagatzeko aukera. Egungo araudiak hori bera mugatzen du. Hori dela eta, udal ordenantzaren testu berri bat idatzi da, aurrekoaren egitura eta testu gehiena errespetatzen dituena, hori eguneratu eta bultzatzeko.
Lehentasunetako bat
Udalak nabarmendu duenez, etxebizitza tasatuak garatzea da lehentasunetako bat. Udal gobernua hori bultzatzen ari dela diote hiri garapen berrietan, etxebizitza sozialetarako nahitaezko erreserbez gain.
Etxebizitza tasatuen hartzailea klase ertaina da, batzuetan etxebizitza politiketan ahaztuta dagoena; izan ere, alde batetik, etxebizitza sozialetik kanpo geratzen da, baina, bestetik, ez da merkatu librera iristen. Horrela, etxebizitza babestu bat eskaintzen zaie herritar guztiei, prezio desberdinekin, erabiltzaileen diru sarreren arabera.
Izan ere, etxebizitza tasatuak etxebizitza sozialaren eta merkatu librearen erdibidean daude. Normalean, titularrak berak saltzeko eta erabiltzeko dira, baina betiko ere babestuta daude, eta saltzen badira, administrazioari eskaini behar zaizkio, eta prezioa beti ofiziala izango da. Horrela, udal etxebizitza tasatuarekin etxebizitza asko merkatura daitezke prezio mugatu eta eskuragarrian, lurzoruaren eta urbanizazioaren kostuak estaliko dituena eta espekulazioa eragotziko duena.